Carreño: “II. Errepublikatik oso gutxi egin dugu aurrera”

Guaixe 2018ko api. 21a, 11:23

II. Errepublikaren aldarrikapenaren 87. urteurrenean ekitaldia egin zuen Ezker Batuak Altsasun

Larunbatean Estatu Espainiarrean II. Errepublika aldarrikatu zela 87 urte bete ziren. Ezker Batuak ekitaldia egin zuen Altsasun, Soldadu Langile Batailoietan ibili zirenen omenezko oroigarrian. Atzetik Himno de Riego doinuak entzuten zirela, lore eskaintza egin eta errepublikaren aldeko manifestua irakurri zuen Arturo Carreñok.

1931Ko II. Errepublikaren baloreak goraipatu ondoren, ordutik 87 urte pasa direla eta “justizia sozialean, aberastasunaren banaketan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta guztiendako berbera den justizian oso gutxi egin dugula aurrera” ondorioztatu zuen Ezker Batuko kideak. “Une hauetan, gizartea inoiz baino zigortuagoa dago: ia 4 milioi langabetu, jatekorik ez eta Elikagai Bankuetara eta beste erakundeetara jo behar dutenak, pobrezia larrian dauden 3 milioi pertsona… eta, bitartean, ustelkeria inoiz baino hedatuagoa dago eta inork ez du egoera konpontzen” azaldu zuen. Pentsiodunen egoera eta borroka, atzerrira lanera doazen pertsonak, lanen prekarietatea, Abiadura Handiko Trena eta Altsasuko auzia ere gogoan izan zituen Carreñok.