Gizarte guztia pentsio duinen alde egitera deitu dute

Guaixe 2018ko api. 23a, 19:02

Asteazkenean, 19:30ean, udaletxe parean kontzentratzera deitu dute. Maiatzaren 5ean eta 26an ere mobilizazio handiak egin nahi dituzte

Pentsionistak Martxan eta Otsailak 22 plataformak deitua 40 bat pertsonak pentsio duinak eskatu dituzte Zumalakarregi plazan eguerdian. Atzera ere, Espainiako Gobernuak aurreikusitako pentsioen % 0,25eko igoerari ezezkoa esan diote eta Kontsumo Prezioen Indize errealaren arabera pentsioak handitzeko eskatu dute. Nafarroako pentsio sistema propioaren alde egin dute. Aldi berean, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatu dute. Bitartean foru administrazioak 1.080 eurora arte iristen ez diren pentsio guztiak osatu beharko lituzkeela esan du eta, pixkanaka, bide horretan jartzeko eskatu diote.

Heldu den urtean jubilatu beharko luketen hainbat pertsona aurten jubilatzea aztertzen ari direla jakinarazi dute. Izan ere, 2019tik aurrera “jasangarritasun faktorea” indarrean sartuko da eta horrek batzuei pentsio okerragoa utziko liekeela azaldu du. Aipatu faktorea pertsonek langile moduan kotizatutako lan urteak eta bizi itxaropena lotzen ditu. Bien baturatik aterako litzateke pentsioen zenbatekoa, betiko. Urtez urteko igoera txikiak lituzkete etorkizunean.

Haien pentsioak, euren seme-alaben eta biloben pentsioak jokoan daudela uste dutelako gazteei eta helduei, gizarte osoari, pentsio duinen aldeko borrokara batzeko eskatu diete. Bestalde, Iruñean Sasoiak eta Pentsionistak Martxan elkarteek igandean egindako manifestazioaren ondoeren, pentsio duinen alde greba orokorra egiteko beharra azpimarratu zuten.