Burunda Trofeoa etxekoendako

Guaixe 2018ko api. 25a, 10:57

Burunda klubeko Quesos Albenizko Unai Aznarrek irabazi zuen proba, Aitor Alberdi, Iker Mintegi eta Igor Arrietaren aurretik. Quesos Albeniz izan zen talderik onena, Intersport Irabiaren aurretik

Igandean jokatu zen, Altsasun, Burunda Txirrindulari Klubak antolatutako kadete mailako XXXI. Burunda Txirrindulari Elkartea Trofeoa. Puntako txirrindulariak bildu ziren, tartean Sakanako Burunda eta Aralar klubekoak. Proba Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria izan zen.

Guztira 51 km osatu behar izan zituzten txirrindulariek. Etxeko taldeak, Burundako Quesos Albeniz taldeak, erakustaldi bikaina egin zuen. Laukote bat iritsi zen helmugara, Burundako Quesos Albeniz taldeko bi kidez eta Aralarko Intersport Irabiako beste bi kidez osatuta. Azkenean, Quesos Albenizko Unai Aznarrek irabazi zuen proba, esprintean, Intersport Irabia taldeko Aitor Alberdiren, bere taldekide Iker Mintegiren eta Intersport Irabiako Igor Arrietaren aurretik.

Gainontzeko txirrindulari sakandarrek ere lan ona egin zuten. Sergio Lopez (Q.A.) 10.a sartu zen helmugara, Hugo Aznar (Q.A.) 12.a, Martzel Etxeberria (I.I.) 14.a, Jon Erdozia (I.I.) 25.a, Ion Chamorro (Q.A.) 30.a, Antonio Gonzalez (Q.A.) 33.a eta Oihan Etxeberria (Q.A.) 37.a. Igor Arrietak mendiko eta tarteko helmugen sailkapenak irabazi zituen, kadeteen lehen urteko sailkapenean Sergio Lopez izan zen lehena eta taldekako sailkapena Quesos Albenizek irabazi zuen, Intersport Irabia taldearen aurretik.

Argazkiak: Burunda kluba.