Alde Zaharreko beilatokia zabalik dago

Guaixe 2018ko api. 26a, 09:50

Izarra Tanatorio taldeak Altsasuko beilatokia ostiralean zabaldu zuen. Haren arduradun Jose Ramon Zelaia altsasuarrak eta taldeko kudeatzaile Mikel Idoatek eta Mikel Legarra ekintzaileak harrera egin zieten zerbitzu berria ezagutzera gerturatu zirenei. Gurutze Saindua kalean, herriaren erdian, kokatuta dago beilatoki berria. 180 metro karratuko azalera du eraikin mustu berriak. Eta taldearen gainontzeko beilatokien modura, Altsasukoaren estiloaren ezaugarriak argia, espazioa eta kolore txuria dira.

Idoatek mustutze ekitaldian esan zuenez, “ilusioz gaude gure hileta-zerbitzua ulertzeko dugun modu berria Sakanan emateko, hurbiltasunean, pertsonalizazioan eta berrikuntzan oinarrituz”. Legarrak, berriz, Sakanan taldeak bi beilatoki izatea harendako “berezia” zela aitortu zuen, “lurralde honekin harreman handia baitut, filosofia, pentsamenduak, sustraiak eta kultura konpartituz”.

Beilatokia herriaren erdigunean egotea ere Izarrak hasieratik izan duen filosofia izan dela adierazi zuen Idoatek: “azken finean nahi duguna da pertsonek bere familia eta lagunak beti bizi izan diren tokian agurtzea, bere senideetatik hurbil”. Izarrak Iruñea erdigunean, Txantrean, Elizondon, Etxarri Aranatzen eta Beran ditu beilatokiak eta Nafarroan barna hedatzeko asmoa du.