Loteria sariak herri oso bat nahastu zuenekoa

Guaixe 2018ko api. 27a, 10:52

Altsasuko Iortiako antzerki tailerrak Valdemorillos for ever antzezlana aurkeztuko du larunbatean, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Zazpi altsasuar Birjiñe Albira zuzendariaren esanetara jarri ziren Iortiako antzerki tailerrean eta guztiek egindako lana jendaurrean aurkezteko garaia iritsi zaie. “Nola esan… komedia antzeko zerbait izan daiteke, baina puntu beltz batekin. Oso beltza. Edo oso gorria, ikuspegiaren arabera”. Zer aurreratu dezakeen galdetuta Albirak esan digu “gauzak ez direla ikusten diren bezalakoak. Oso onak direnak ez dira hain onak. Eta batzuetan maltzurrak direnak ordaintzen dute”.

Zuzendariak antzezlanaren hariaren berri laburra eman digu: “herri txiki batean loteria saltzaileak bere lana egiten du eta txartel batzuk saltzen ditu. Horietako bat saritutakoa da. Kontua da erosi duena ez dela orain saritutako txartela duena. Hor dago koxka! Berehala jakiten da zer gertatu den txartel horrekin” Antza, herritarrak bidegabekeriaren aurrean elkartuko dira. Albirari Valdemorillos for ever izenburuaz galdetuta, “Egia esan, batzuetan gauzarik zailena izenburua bilatzea da. Batzuetan desesperazioak atea jotzen du eta halako gauzak ateratzen dira”.

Haiek sortua
Iortia antzerki tailerreko kideek sortutakoa da bihar jokatuko duten antzezlana. “Lehendabizi pertsonaiak sortu genituen. Gero ideia hortik agertu zen. Pertsonaiak eta ideia irabiagailuan sartu eta nahastura horretatik istorioa atera zen”.

Antzerki tailerra normalean lastailean hasten da lanean. “Aurten ez. Arazoak izan genituen eta lastailean beharrean azaro erdialdean hasi ginen. Tailerra eginen zen edo ez, hor ibili zen. Nahikoa jende ez omen zegoen. Zazpi zeuden izena emanda. Hasteko kopuru polita da, baina martxan hasteko jendearen zain egon ziren eta azaroaren erdira arte ez genuen ezer egin”. Beraz, antzezlana prestatzeko denbora gutxiago izan dute. “Gainera, ikasturtean zehar bi baja izan genituen”.

Albirak esan digunez, lanari “serio-serio” otsailean heldu zioten. Zuzendariak aitortu du batzuk eskarmentua dutela; “berri pare bat ditugu. Baina besteek badakite zer den hau”. Zuzendariak aitortu duenez, “estresatu xamar ibili gara; baina, bestetik, oso gustura lanean. Denbora gutxiago izan dugu, baina pila bat aprobetxatu dugu”.

Zein da zein?
Sergio Molero. Loteria saltzailea. Herriko oso mutil jatorra, lasaia eta bihotz onekoa. Bere gauzak baditu.
Jone Pelaez. Plazan duen postuan fruta saltzen du. Narratzailearen papera egiten du fruta saltzaile horrek ere, Publikoarekiko lotura nolabait.
Eder Goikoetxea. Filosofoa. Herriko alkatea oso berezia da eta bakarren batek galderaren edo buruhausteren bat badu filosofoarekin hitz egin dezan kontratatu du. Herriko plazan irakurtzen dago, zain.
Santi Goikoetxea. Herriko mutil bat da eta esnatzen den moduaren arabera edozer gauza izan daiteke. Egun honetan zehar hiru pertsonaia desberdin dira pertsonaia berean. Valdemor izena du, baina La Jenny edo beste edonor izan daiteke.
Alberto Alvaro. Alkate jauna. Oso alkate lasaia, herriari begira dagoena. Berak loteria tokatzea nahi du, baina diru hori herrian inbertitzeko, ez berak hortik etekinik ateratzeko.
Beatriz Ganuza. Ez da herrikoa. Eta nabari da. Desberdina da. Oso langilea. Valdemorillosera ailegatzerakoan lehen momentutik ez da herrikoekin oso ongi moldatzen. Lanera etorri da. Bat-batean berarekin hitz egiten hasten dira, berak ez du inorekin harremanik izan. Ez du giro polita sortzen emakume honek.
Isabel Borrega. Herriko emakumea, nahiko kuxkuxera eta kontakatilua. Baina bizitza dauka. Bera da loteria erosten duena. Bere arazoa herri osoarena da eta konpondu behar du. Nola? Ikusi beharko duzue.