Gailurrera, Nafarroa Oinezen alde

Guaixe 2018ko mai. 2a, 13:45

Martxan dago Bizi Oinez Gailurra egitasmoa, mendizaletasuna eta euskara eta ikastolak lotzen dituena.

Nafarroa Oinezek urtean barna antolatutakoen artean Bizi Oinez Gailurra 2018 egitasmoa dago. 2014 urtean sortu zen Oinez Gailurra, Zangozako talde batek, mendizaletasuna eta euskara lotuz sortutakoa, eta ordutik aurrera urtero garatu da.

Aurten Iñigo Aritza ikastolak antolatzen du Bizi Oinez Gailurra. Horrela, Sakanako gure ingurune zoragarrian egin ahal diren mendi gailurren, eskalada bideen eta BTT bideen zerrenda erakargarria egin dute. Aipatu zerrendari, jakina, beste hainbat mendi eta eskalada bide gehitzeko aukera ere badago.

Sakanan barnako ibilbideak eta mendiak babestu
Gailurren artean, Baio, Gainsoil, Intsusburu, San Adrian, Beriain eta Santa Marina daude. Eskalada bideen artean Buztelo, Germinal eta Txomingeroen inbasioa, Urdiainen; Hegoaldeko Klasika, Uharte Arakilen; Txeroki, Olaztin; eta Ziordiko Espoloia, Ziordian.  Mrendi txirrindularitza proposamenen artean Artzantzaren bidea, Batueko iturria, Bernoako galtzada, Fraizulo koba, Hirumuga Gaina, Irañetako iturburua, Lezamengo zabalgunea, Lezaundi eta Baiza, Lizarragako San Adrian Gaina, Mendiluzeko Cromlecha, Santa Marina eta Zirautzako iturburua daude. Eta, bukatzeko, oinezkoendako ibilbideak ere proposatzen dira: Morterutxo, Altsasu-Urdiain, Bargagain, Bioitza kanpina, Hiru Galtzadak, Urbasa…

Oinez Gailurrean parte hartzeko proposamenak ondoko web gunean zerrendatuta daute: http://www.nafarroaoinez.eus/gailurra/eu/apradina_cima.asp?IdEspecie=18. Ibilbide bakoitza sakatuz informazio guztia jaso daiteke eta bertan ematen dira aukeratutako bidea edo mendia babesteko argibide guztiak.

Oinez Gailurraren zapiarekin argazkia

Interesatuek mendi edo ibilbide bat babestu ondoren, Oinez Gailurraren zapia bidaliko du antolakuntzak. Horrela, mendi horretara igotzerakoan zapi hori eraman eta berarekin argazki edo bideo bat egiteko eta Nafarroa Oinezera gonbitea egiten du antolakuntzak,  gero Nafarroa Oinezeko web orrian argitaratzeko. “Horrela, zuen ekarpenen eta parte hartzearen eta euskara bera eta Oinez Gailurra maila gorenera eraman izanaren testigantzak gordeko ditugu” dio Nafarroa Oinezek. Sakanako paraje eder hauek ezagutu eta gozatzeko aukera eskaintzen du ekimenak, “eta Oinez Gailurrean egindako ekarpenen bidez, gailurrera iristeko gure helburua lortuko dugu eta/edo ondorengoek lortzea ahalbidetuko dugu” gaineratu dute.