Mertxe Zabalo aurtengo meteorologiari buruz: "Estazioan 6 urte hauetan, prezipitazio gehien jaso dugun negua izan da hau"

Guaixe 2018ko mai. 4a, 08:33

Nafarroako Gobernuak herrialdean barna hainbat meteorologia estazio ditu banatuta. Batzuek datuak automatikoki jasotzen dituzte. Bestetan egiteko hori pertsonek egiten dute, egunero. Sakanako estazio manual bakarra dauka Mertxe Zabalok Altsasun orain dela 6 urtetik

1. Nola hasi zinen honetan?
Lehen Altsasuko meteorologia estazioa Sagrado Corazon ikastetxe ondoan zegoen eta fraide batek eramaten zuen. 14 urteren ondoren kendu behar zuten eta inguruko gune batean segitzea nahi zuten, bestela estatistikak aldatuko lirateke eta. Nire etxea Txunkai auzoan dago eta Iaiori, nire semeari, lagun batek esan zion eta jarri genuen.


2. Zenbat denbora daramazu honekin?
Otsailaren 1ean 6 urte egin nituen estazioa jarri zigutenetik eta datuak jasotzen hasi nintzenetik.


3. Nolakoa izan zen hasiera?
Lehenengo egunean belaunerainoko elurra bota zuen, argazki bat eta guzti atera zidaten. Hasieran ez nekien nola moldatu.


4. Zein da zure egitekoa?
Nik tenperatura maximoa eta minimoa hartzen ditut, gainera, ura neurtzen dut eta eguneroko prezipitazioak eta meteoroak jaso. Urteko egun guztietan egin beharko dut hau, goizeko, arratsaldeko eta gaueko ordu berean. Udan 10:00etan eta neguan 09:00etan, ordu aldaketagatik.


5. Zer izan zen gehien kostatu zitzaizuna?
Lehenengo egunetan kostatu zitzaidana datuak ematea izan zen. Telefonoan markatzen joan beharra, asteriskoekin… Lehenengoetan itzali eta berriz ere hasi behar izan nuen.


6. Prestakuntzaren bat behar da estazio bat izateko?
Ez, ezer ez. Etorri ziren, garita edo estazioa jarri ziguten eta plubiometroa ondoan. Azaldu zidaten zein zen nire egin beharra, eta listo.


7. Nola bidaltzen dituzu datuak?
Datuak bidaltzeko Iruñera, Nafarroako Gobernuko eta AEMETeko zentralita batera deitu behar dut egunero. Makina bati ematen dizkiot datuak kodeen bidez, dena zenbakien bidez. Gainera, hilabetean behin fitxa batzuk betetzen ditut hilabeteko egun guztietako datu guztiekin. Datuak bidaltzean web orrian eguneratzen dira momentuan. Gaurko datuak bihar egonen dira web orrian, baina bidaltzeko 24 ordutan zehar bidal ditzakegu.


8. Modu bereziren batean zaintzen duzu estazioa?
Ez, baina estazioaren inguruan ezin da zuhaitzik edo etxe askorik egon. Nirea etxeko baratzean daukat. Adibidez, elur asko egiten duenean elurrez betetzen da eta orduan etxean urtu behar izaten dut lasaitasunez eta gero neurriak hartu. Udaran kontu handiz ihintzarekin.


9. Arduradunen bat dago?
Bai, arduradun bat dago, berrikuspenak egitera etortzen dira, garita nola dagoen ikusteko eta arazoren bat dugun ikustera.


10. Zenbat estazio daude Sakanan?
Sakanan badaude hiru estazio automatiko Etxarrin, Aralarren eta Urbasan. Manuala bakarrik bat dago, hemen Altsasun daukadana.


11. Nolakoa izan da aurtengo negua?
Aurtengo neguan elur eta preeuri gehiago egon da. 6 urte hauetan estazioan ikusi dudan ugariena izan da. Adibidez apirilaren 11an, 60 litro euri jaso genituen. Estazio honetan gehien jaso dugun kantitatea izan da.