Bakarlariekin bide egiten segitzen du bandak

Guaixe 2018ko mai. 3a, 13:35

Haize Berriak bandak El ocaso de los dioses kontzertua eskainiko du igandean, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Emanaldia Ekhine Lumbreras Fernandez de Arroiabe zeharkako txirula jole altsasuarrarekin batera eginen dute

Gaur egun lau konpositorek bandarako propio idatzitako piezez osatutako egitarauarekin heldu zaigu oraingoan Haize Berriak banda. Jacob de Haan, Ferrer Ferran, Otto M. Schwarz eta Robert Smith. Luis Orduña Ridruejo zuzendariak aukeratutako piezak "jainkotiarraz eta gizatiarraz" hitz egiten dute, "kolore askotako kontzertu indartsua" osatuz. Hala, Nostradamus profetaren eta Diogenes greziar filosofoaren istorioak, Dante paradisuan sartzean entzuten dena adituko da eta musikaren musa den Euterperen soinua ere ezagutzeko aukera izanen da.

Sakanako musika bandak Ekhine Lumbreras Fernandez de Arroiabe zeharkako txirula jole altsasuarrarekin batera ariko da etzi. Josu Rubiok azaldu digunez, "musikari sakandarrak ibarrean ez dira ezagunak. Kristoren baratza dugu Sakanan eta haiei ezagutarazteko aukera eman nahi diegu". Eta azaroan Naiara Ijurkorekin emandako kontzertua gogorarazi digu. Lumbrerasek joko duen piezak "guretako ez, baina berarendako badu mamia".

Egitarauaz
Haizen Berriak bandak 2011n antolatu zuen konposizio lehiaketa irabazteagatik Sakanan ezaguna den Otto M Scharz austriarraren lan batekin zabalduko da igandeko emanaldia: Nostradamus. Pieza horretan Michel de Nôtre-Dame, Nostradamus profetaren bizitza ia zinema moduan deskribatzen da. XVI. mende hasieran Frantzian sortua, Nostradamus batzuendako hitzauntzi bat da, besteendako profeta handia. “Pertsonalitate paregabea eta bere aurreikuspenak 600 urteren ondoren gaurkotasuna dute”.

Greziako mitologian Musak bederatzi jainkosa arkaiko ziren, mitoaren oroitzapen egokia zirenak, buruz ikasitako edo inprobisatutako kantuen bidez tradiziozko musika eta dantzak inspiratzen zutena. Euterpe Musikaren Musa da. Bereziki txirula jotzeko artearen zaindaria. Haren errepresentazioetan buruan lore koroa eta eskutan txirula-bikoitza duela ageri da. Pieza honen egileak haren xarma guztiak suposatuz sortu zuen obra.

Danteren Jainkotiar komediari buruz idatzi zuen bere aurreneko sinfonia Robert W. Smith.ek. Igandean haren laugarren mugimendua entzuteko aukera izanen da, protagonista Paradisuatik pasatzen denekoa.

Despeditzeko, Diogenes, Jacob de Haanek 1995ean idatzi zuena, Sinopeko Diogenes greziar filosofoa gogoan zuela. Diogenes zinikoen filosofia-joeraren sortzailetzat dute. Obrak hiru mugimendu ditu, etenik gabe ematen direnak, eta Diogenesi buruzko tradiziozko istorio batean oinarrituta dago.

Banda ilbeltzean hasi zen emanaldia prestatzen, baina bestelako konpromisoengatik buru belarri azken hilabetean aritu da emanaldia prestatzen.

Haize Berriaz

Bandaren osasunaz galdetuta, Rubiok esan digu "betiko ajeekin" dabiltzala: "batzuetan jendez oso ongi gabiltza, baina beste sasoi batzuetan faltan. Esaterako, gazteak kanpora ikastera joaten dira eta musika eskoletatik beste batzuk ateratzen dira". Azken horrek bandak nahi lukeen adinako "emaria" ez du ematen, "baina badoa poliki-poliki". Bestalde, banda laguntzen duen bazkidetza fidela dutela nabarmendu digu. "Guk urtean 15 euroko kuota eskatzen dugu soilik, eta horrekin mesede handia egiten digu".

Egitaraua

Pieza                                                       Egilea

Nostradamus                                           Otto M. Schwarz

Euterpe, Musikaren musa                          Ferrer Ferran

Txirula eta bandareko kontzertua
    I. Allegro Grazioso
    II. Lento e misterioso
    III. Allegro Vivo
    Bakarlaria: Ekhiñe Lumbreras Fernandez de Arroiabe

Paradisua, Jainkotiar komedia sinfoniatik    Robert W. Smith
                    
Diogenes                                                 Jacob de Haan