“Kontzertua iristeko irrikitan nago”

Guaixe 2018ko mai. 4a, 15:33

Ekhine Lumbreras Fernandez de Arroiabe zeharkako txirula-jolea da eta bakarlari gisa estreinako kontzertua du igandean. Haize Berriak bandarekin batera, Ferrer Ferran konpositorearen Euterpe pieza joko du, musikaren musari eskainitako pieza.

Instrumentu asko daude. Zergatik aukeratu zenuen txirula?
Egia esan ez dago arrazoi bat. Txirula eta kitto. Hala izan zen.

Non ikasi zenuen?
8 urterekin Altsasuko Udal Musika Eskolan hasi nintzen. Duela 5 urte Gasteizko kontserbatorioan hasi nintzen. Urte bat geratzen zait.  

Hori bukatuta, zein asmo duzu?
Goi ikasketak egitea pentsatu dut. Ez dakit Iruñean edo Donostian.

Ikasketa prozesu horren barruan Euskadiko Gazte Orkestran jo izan duzu, ezta?
Bai, duela 2 urte. Aste oso bat Gernikan izan ginen, aterpe batean. Han egunero entseatzen-entseatzen eta horren ondoren Tolosan eta Gasteizen kontzertuak eman genituen. Bestelako talderekin ez dut jo. Orkestrarena oso esperientzia polita izan zen.

Hemen biziko duzun esperientziarekin antzekotasunik badu?
Ez, ez du zerikusirik. Lehen aldia da bakarlari ariko naizena. Bakarlari bezala aritzeko nahiago dut Haize Berriak bandarekin hemen aritu.

Nola hartu zenuen gonbidapena?
Urduri, oso. Baina uste nuena baino hobe joan da. Elkarrekin egin dugun aurreneko entsegutik (apirilak 21) nahiko ongi joan da.

Sakanako bandarekin jotzea, zer da zuretako?
Oso inportantea da. Azkenean horrek zure bizitza markatzen du. Nolabait hasi beharra dago.

Aukeratutako piezak lana eskatu dizu?
Bai, egia esan pieza hau oso zaila da. Baina kontserbatorioan landu dut irakasleekin, eta lantzen denbora asko eman dut.

Zuk aukeratu duzu pieza, edo bandak?
Luisek, zuzendariak aukeratu du.

Zer moduzko uztarketa egiten duzu bandarekin?
Hasieran pixka bat arraroa, zeren kontserbatorioan pianoak lagunduta jotzen dut. Pianoa eta banda oso desberdinak dira. Desberdina, baina polita da. Nahiago dut bandarekin jotzea pianoarekin baino.
 
Taldearen indarra, ez?
Bai, bai.

Bigarren aldia Altsasun joko duzuna, ezta?
Bai, festen akaberako ekitaldi batean jo nuen; duela urte batzuk, bai. Igandekoa iristeko irrikitan nago!

Zer nolako pieza entzunen du jendeak igandean?
Arraroa. Niretako nahiko arraroa da. Baina arrarotik duen hori, berezia eta nahiko polita da, bai.