Musika, memoriari laguntzeko

Guaixe 2018ko mai. 4a, 15:12

Erkudengo Ama Abesbatzak, Maria Espada sopranoak, Maria Villanueva piano-joleak eta Ariadna hari laukoteak agertokian "indarrak batu" dituzte helburu solidarioarekin: Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa lagun

Musikak onura asko ditu. Haien artean solidaritatearena. Hala uste du Erkudengo Ama Abesbatzak, hortaz, bihar 19:30ean, Altsasuko Iortia Kultur Gunean, "memoriari" kontzertua eskainiko dio. Abesbatza ez da bakarrik izanen. Haiekin batera goi mailako abeslari eta musikariak ariko dira; Maria Espada nazioartean aritu den sopranoa, Maria Villanueva piano-jolea eta Ariadna hari laukote gasteiztarra.

Kontzertuaren sarrerek 15 euroko prezioa dute, eta etekinak Josefina Arregi klinika psikogeriotrikoara bideratuko dituzte. Gainera, kontzertura joan ezin dutenentzako ilara zero bat jarriko dute, hau da, sarreraren zenbatekoa emateko aukera dute ES55 2100 3792 2922 0011 8772 Caixa banketxeko kontu korrontean. Dirua klinikan musika-terapia proiektua martxan jartzeko erabili dute, Puri Altzelai abesbatzako kidearen esanetan.

Maria Espada sopranoaren ahizpa, Nuria, abesbatzaren kidea da. Ahizparen bidez jakin zuen sopranoak Josefina Arregi klinikak egiten duen lanaz: "bere burua eskaini zuen ongintzazko kontzertu bat egiteko". Espada Extremaduran jaio zen eta kantu ikasketa munduko irakasle ospetsuenekin egin ditu, besteak beste, Mariana You Chi edo Alfredo Kraus. Munduko agertoki garrantzitsuenetan abestu du, baita nazioartean ospea duten orkestrekin ere.

Ariadna hari laukotearen kideek Maria Espadaren ibilbidea ezagutzen zuten eta sopranoarekin kolaborazioa egitea "zoragarria" izanen zela esan zuten. "Duela hiru urte Ariadnarekin kontzertu bat egin genuen, eta jakin zutenean Maria ezagutzen genuela elkarrekin zerbait egiteko prest agertu ziren".

Maria Villanueva piano-jolea kontzertu solidariora batu zen. Villanueva goi mailako piano ikasketak egin ditu eta, gaur egun, Altsasuko musika eskolan piano irakaslea da.

Egitaraua
Erkudengo Ama abesbatza eta Ariadna laukotea
Bogoroditse  Dievo                   Sergei Rachmaninov
Cherubim song                        Dimitry Bortnyanski

Ariadna laukotea eta Maria Espada
Lascia ch´io pianga (Rinaldo operako aria)           Georg Friedrich Handel
Se mi rivolgo al prato (Orlando operako aria)        Georg Friedrich Handel

Erkudengo Ama abesbatza, Maria Villanueva eta Maria Espada
Meine Seele dürstet nach Gott (42. salmoa)                    Felix Mendelsshon
Entsagen, wab 14                                                         Anton Bruckner
Laudate Dominum (Vesperae solemnes de confessore)     Wolfgang Amadeus Mozart
Hymne Hör mein Bitten                                                 Felix Mendelsshon