Sakanako Futbol Topaketei agur

Guaixe 2018ko mai. 10a, 12:59

Igandean, Dantzalekun, benjaminen eta kimuen mailako Sakanako Futbol Topaketetako azken jardunaldia jokatu zen

Sakanako Mankomunitateak Sakanako futbol talde eta klubekin batera antolatutako Sakanako Futbol eta Areto Futbol Topaketak igandean despeditu ziren, Altsasuko Dantzaleku futbol zelaian benjaminen mailan –8 eta 9 urte– eta kimuen mailan –10 eta 11 urte– jokatutako azken jardunaldiarekin. Olaztiko Sutegik, Altsasuko kirol elkarteak (SDA), Urdiaingo futbol taldeak, Etxarri kirol elkarteak, Lakuntzako Lagun Arteak eta Uharte Arakilgo taldeak parte hartu dute Sakanako Futbol Topaketetan, eta antolaketan laguntza eman dute. Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi duenez, despeditu berri den denboraldi honetan Betelu taldea gonbidatu zuten eta Sakanako txapelketan parte hartu du.

Auzatea
“Olaztin, Altsasun, Urdiainen, Etxarrin, Lakuntzan, Uharte Arakilen eta Ziordian ere jolastu dira partiduak. Txapelketaren helburua lehiakortasuna sustatzea ez denez, ez da sailkapenik egiten eta haurrek lasaitasunez eta kiroltasunez jokatzen dituzte partiduak. Igandean, topaketak bukatzeko auzate eder bat izan zen Dantzalekun” gaineratu du kirol teknikariak. Topaketa ederrei, bukaera ederra.