CBASKek Final Laukoa jokatuko du

Guaixe 2018ko mai. 11a, 14:27

Altsasuko Zelandik hartuko du Nafarroako senior gizonezkoen lehen maila autonomikoko Final Laukoa edo Final Fourra, larunbatean eta igandean. CBASK, Liceo Monjardin, Oberena eta Eguesen artean erabakiko da ligako titulua

Asteburuan Gizonezkoen Nafarroako Senior I. Maila Autonomikoko 26. jardunaldia jokatu zen, denboraldiko azkena. Altsasuko CBASK taldeak 79 eta 54 irabazi zion Eguesibarri eta Altsasuko taldeak liga lider despeditu zuen (47+13), Liceo Monjardin F (42+1), Oberena (41+4) eta CB Eguesibar (41-2) taldeen aurretik. Aipatu lau talde hauek sailkatu dira, hain zuzen ere, ligako titulua erabakiko den Final Laukorako edo Final Fourrerako.

Asteburu honetan jokatuko da Lauko Finala, Altsasun. Zelandi kiroldegiak hartuko ditu bi jardunaldiak eta Altsasuko CBASK taldeak hartu du bere gain antolakuntza lana.
Larunbatean Liceo Monjardin Oberenaren kontra ariko da, 17:00etan. Eta ondoren, 19:00etan, CBASK eta Eguesibar taldeen arteko partida jokatuko da. Bi talde irabazleek final handia izanen dute jokoan igandean, 19:00etan, Zelandin. Aurretik, 17:00etan, 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatuko da.

Mailaz igotzea jokoan
Nabarmentzekoa da CBASK-ek denboraldi biribila egin duela. Ligan soilik partida bat galdu du CBASK-ek, eta orain denboraldiari ginda jarri nahi diote altsasuarrek Final Fourra eta ligako titulua irabaziz. Baina ligako titulua irabazteaz gain, aipatzekoa da Nafarroako eta Errioxako taldeek osatzen duten Autonomien Arteko Ligara igotzeko txartela dagoela jokoan. Jakina, CBASK taldetik Final Laukora gerturatzeko deia egin diete sakandarrei, Altsasuko taldea animatu eta, une erabakigarri hauetan, animoak emateko. “Ea denon laguntzarekin lortzen dugun txapelketa Altsasun geratzea” diote CBASK-ekoek.

Zelandi, saskibaloiaren festa
Ildo honetan, bi egun hauek saskibaloiaren festa izatea nahi da, eta horretarako partiduez gain jarduera gehiago antolatu ditu CBASK-ek; barra bat jarriko da kiroldegian janari eta edariekin, “Altsasukoak Aske”-ren materiala salduko da, giroa pil-pilean egoteko speakerra eta DJ-a egonen dira, partiduen atsedenaldietan CBASK klubeko txikienek euren artean jokatzeko aukera izanen dute, eta tiro txapelketa ere antolatuko da, ikusleek parte hartzeko aukera izan dezaten.