Jose Antimasberes El Castañuelas nafar dantzaria zen. Ijitoa eta ibiltaria zen; Nafarroako herrietako kaleetan kaseta jarri eta dantza egiten zuen. Nafarroako azken ijito ibiltaria izan zen, hain zuzen. Josetxo Goia-Arribe musikagile eta saxofoi-jotzailearen hitzetan artista bohemioa zen. Antimasberesen estiloa bakarra zen, eta bat-batekotasunean murgiltzen zen. Flamenkoa oinarri zuen, baina hainbat estilorekin uztatzen zuen. Josetxo Goia-Arribek Antimasberes ezagutu zuen, kaleetan dantzan egiten zuela, eta bere bizitzan oinarrituta Jito Alai. Bohemiar doinuak. Lurraren dantza ikuskizuna idatzi zuen. Bihar 19:30ean Iortia Kultur Gunean "magia eta olerkiz osatutako kantua" taularatuko dute.
Josetxo Goia-Arribek Antimasberesen irudia omentzeko asmoz abesti bat sortu zuen hasieran. Ondoren, nahikoa ez zela pentsatu zuen eta Jito Alai ikuskizuna sortu zuen. Antimasberesen dantza estiloan oinarrituta sortu nahi izan zuen musika eta dantza ikuskizuna, dena dela, El Castañuelas-en estilo "errepika ezina da". Gainera, ez dago dokumentaziorik. Memoriatik sortu behar izan du Goia-Arribek lana.
Musika eta dantza ikuskizun bat da. Musikariak emanaldi osoan eszenan daude. Musika garaikidea nagusi den arren, musika tradizionalaren erreferentziak ere hartu dituzte: paloteadak, fandangoak, mugak eta jotak, esaterako. Koreografiek flamenko ukitua dute, baina dantza garaikidearekin eta tradizionalekin uztartu dute.
Musika, mugimendua, pasioa eta ohitura biltzen dira Jito Alai ikuskizunean: tradizio herrikoian oinarritutako “maitasun eta askatasunera kantu poetikoa” da emanaldia. 2018ko Garraye Saria irabazi zuen.
Jose Goia-Arribe saxofonistak sortu du musika. Partitura gehienak ikuskizunerako bereziki sortuak dira bi izan ezik, Pablo Sarasateren bi pieza “birsortu” ditu Goia Arribek. Josetxo Goia-Arribe saxofoi-jotzaileak, Mixel Ducau gitarra-jotzaileak eta Jose Miguel Garzon kontrabaxu-jotzaileak jarriko dute musika. Dantzariak Carlos Chamorro eta Mariana Collado dira.