Askapenaren brigadistak trebatzeko saioak hartuko ditu Altsasuk

Guaixe 2018ko mai. 11a, 13:39

Askapenako kideak 2017ko brigaden aurkezpenean.

Askapena erakunde internazionalistak aurten ere brigadak antolatu ditu munduko hainbat herrialdetan. Herri jantzia garaipenaren hazia! lelopean brigadetara joanen diren pertsonendako trebakuntza saioak antolatu ditu erakunde internazionalistak Altsasun, Gure Etxea eraikinean. Aurreneko saioa bihar izanen da. 10:00etan Faku Aznarezek (Resumen Latinoamericano) Latinoamerika jomugan. Errepresioaren olatu berria hitzaldia emanen du. 12:00etan Amaia Zufiak (Bilgune Feminista) eta Miren Odriozolak euskal internazionalismoa feminismotik eraikitzen hitzaldia emanen dute. Bukatzeko, 17:00etan, Askapenako brigadista ohiek herri boterearen irakaspenak aztertzen saioa emanen dute.

Maitzaren 26an izanen da bigarren saioa. Norvegiako, Herrialde Katalanetako, Italiako, Alemaniako, Donbasseko eta Greziako kideak etorriko dira eta, 11:00etan, Europar Batasunean Burujabe? mahai-ingurua izanen da. 17:00etan, berriz, Inperialismoak baditu milaka aurpegi mahai-ingurua izanen da. Bi egunetan bazkaltzera gelditu nahi dutenek herrijantzia@askapena.org e-postara idatzi dezakete.