Oihu Loreak dantza taldearen koreografia saritua Bartzelonan

Guaixe 2018ko mai. 11a, 14:42

Koreografia lehiaketan parte hartu zuten dantzariak. UTZITAKOA

Sant Cugat koreografia lehiaketan parte hartu zuten Irantzu Gonzalez dantza eskolako bi taldek igandean

"Ilusioa hartu zuten dantzariek taldearen izena entzun zutenean". Iazko esperientziaren ondoren, Irantzu Gonzalez Azpiroz dantza eskolako dantzariak aurtengo Sant Cugat del Vallesko koreografia lehiaketan parte hartu zuten berriz. Igandean ospatu zen Sant Cugat del Vallesko koreografia 10. lehiaketa. Dantza eskolako bi taldek parte hartu zuten: Oihu Loreak eta Arima. Oihu Loreak taldeak bosgarren saria lortu zuen.

Oihu Loreak taldearen bigarren aldia zen koreografia lehiaketan. "Beteranoak zirenez seguritatearekin joaten ziren, eta gehiago estutu ahal nituen". Arima taldea, aldiz, berriak ziren lehiaketaren esperientzian. "Elkarrekin zirrarak konpartitzeko eta elkar laguntzeko ona izan da".

Oihu Loreak taldeak aurkeztutako koreografia oso azkarra zen, kolpe handiekin eta teknikoki nahiko konplexua. Gonzalez dantzarien pertsonalitatean eta taldean sortzen den harremanetan inspiratu zen koreografia sortzeko. Gainera, AEBetako animatzaileen akrobazietan oinarritu ziren ere koreografia prestatzeko. Arima taldearen koreografia lirikoagoa zen: lasaiagoa zen koreografia disfrutatu zezaten.

Urtarrilean hasi ziren lehiaketarako koreografiak prestatzen. Eskola orduetatik at entseatzen zuten dantzariek. “Ni kanpoan nengoenean etorri dira ere. Txapeldunak dira”. Dantza aldetik antolakuntzak "askatasuna" ematen die koreografoei, baina hiru elementu baloratzen dituzte: teknika, alde artistikoa eta koreografia. "Teknika ahalik eta garbiena izan behar da, koreografia aldetik agertoki osoa betetzea baloratzen dute. Ikuskizuna bilatzen dute". Dantzarien arteko koordinazioa ere oso garrantzitsua da.


 

Ilusioa

Estilo modernoko atalean parte hartu zuten bi taldeek. "Modernoaren barruan garaikideak ziren gure koreografiak". Hamabi taldek lehiatzen zuten estilo horretan. Hamabietatik Oihu Loreak bosgarren sailkatua izan zen. “Bosgarren sailkatutik banatzen dituzte trofeoak”. Dantzariek lehenengo saria irabazi balute bezala hartu zuten saria, Gonzalezen esanetan. “Nik uste itxaropen txikia bazutela. Baina ilusio handiarekin hartu zuten. Agertokian saltoka hasi ziren”. Maila iazkoa baino altuagoa zela azaldu du Gonzalezek, bereziki moderno estiloko atalean. "Dantzariak seguritatearekin atera ziren agertokira, eta seguritatearekin dantza egitea garrantzitsua da".

Irantzu Gonzalez Azpiroz dantza eskolaren lehenengo saria da Sant Cugat koreografia lehiaketan lortu dutena. Eskola bezala harro sentitzen da Gonzalez: "Dantzak konpromisoa eskatzen du, sakrifizioa eta gure buruarekin estuak izatea. Eta sari bat jasotzea motibazio bat da".

Koreografia lehiaketa prestatzen zuten bitartean, Zarata ikuskizuna prestatzen hasi ziren. Zarata dantza eskolako hainbat talderekin batera ekainaren 2an eskainiko duten ikuskizuna da. Gainera, Oihu Loreak taldeak Baluarten dantzatzeko gonbita jaso zuen. “Hurrengo urtean Sant Cugatera joanen gara berriz, eta ni geldirik ezin naizenez egon atzerrira joatea pentsatzen ari naiz. London, edo”.

Dantzariak. Oihu Loreak: Ane Hernandez Zubelzu, Saioa Iraizoz Erbiti, Intza Iturrioz Fernandez, Leire Nuncio Lanza, Eneritz Regil Fernandez, Leire Zubikoa Barroso. Arima: Izadi Barandiaran Leiza, Amaiur Goikoetxea Flores, Maria Ijurko Gonzalez, Marcos Santos Galvez, Oihane Sayas Aznar, Iraia Zubeldia Morras.