Zonbien gaua Altsasun

Guaixe 2018ko mai. 11a, 14:42

Survival Zombie estrategia eta trebezia biltzen duen rol-jokoa da. Gauez jokatzen da eta berezitasun bat du: zonbiak harrapatu gabe biziraun behar dute parte hartzaileek. Altsasun jokatuko da bihar 23:00etatik 06:00etara

Zonbi telesail eta film zaleak zorionez daude. Bihar apokalipsi zonbia izanen da Altsasun. Survival Zombie ekimenaren bidez iritsiko dira hildako ibiltariak herrira. Altsasuko Udalak WRG World Real Game enpresarekin batera antolatutako ekimena da. Egun aisialdi alternatiboko ekimen garrantzitsuenetarikoa da Survi- val Zombie rol-jokoa.


Parte-hartzaileek hainbat proba pasa beharko dituzte herrian zehar prestatuko puntuetan. Baina, kontu handiz ibiliko beharko dira oztopo nagusi bat izanen dutelako: zonbiak. Nafarroan holako ekimen bat ospatzen den lehenengo aldia da. Maiatzaren 12ko gauean ospatuko da, 23:00etatik 06:00etara, herrian zehar, baina parte hartzaileak arratsaldean agertu beharko dira check-point-ean edo hasierako puntuan. Check-point-a Burunda pilotalekua izanen da. Azkartasunez egin behar den gynkana bat da, zonbien pelikuletan ikusten dena irukidatzen duena. Ekhine Fernandezek eta Irati Bergarak Lasarte-Orian ospatutako Survival Zombie-an parte hartu zuten, eta esperientzia "ikaragarria" izan zen, hortaz, Altsasun ospatu behar zela pentsatu zuten. Intxostiapuntako monitoreekin hitz egin ondoren lortu zuten zonbiak Sakanara ekartzea. "Bizitzan behin egin behar den esperientzia bat da. Guztiz gomendagarria da".


Real game


Antolatzaileek lekuarekin zerikusia duen istorio bat prestatzen dute. Altsasukoan, oraindik gutxi aurreratu badute ere, magia, sorginak eta zonbiak uztartuko dituzte: erlikia bat omen dago Altsasun, eta itxaropentsu herrira etorriko dira gerrarekin amaitzeko. Zonbiak, gainera, geroz eta gehiago dira.
"Oso erreala da dena. Zu ere paperean sartu behar zara, erreala dela pentsatu behar duzu. Jokoaren antolatzaileek esan ziguten egoera horretan egonen bagina pentsatu behar genuela". Ekimenaren hasieran istorioaren kontakizuna eginen dute, eta jokoan zehar ere istorioaren informazio gehiago ematen joaten dira. "Zenbat pertsona zonbi bihurtu diren esaten dute, nola jarraitu jokoan eta abar".


Real Game bezala ezagutzen da Surival Zombie ekimena, hau da, errealitateko egoera batean oinarritzen den rol-jokoa da. Helburua, jokoak irauten duen zortzi orduetan bizirik irautea, hau da, bizirik dauden pertsonek eramaten duten buff berdea jokoa bukatu arte mantentzea. Hortaz, lepo-berogarri berdea mantentzeko zonbiak ez harrapatzea lortu behar da. Bitartean, hamabi proba bete beharko dizuzte.
Probak herrietako leku adierazgarrietan prestatuko dituzte, eta bertan zonbi bat egonen da proba pasatzea ekiditeko. "Proba guztietan zonbi bat dago. Zonbiak gordetzen duen zerbait hartzea lortu behar duzu". Behin lortu beharrekoa hartzen dela, antolakuntzak zigilu bat jarriko du mapan. Behin proba guztiak pasatzen direla, check-point- era edo hasierako puntura joan behar dira parte hartzaileak proba guztiak pasa dituztela ziurtatzeko.


Parte hartzaile motak


Bizirauten duten pertsonak dira jokoan parte hartzen dutenak. Bizirik daudenak buff berdea eramaten dute, hortaz, berdea bizitzaren sinboloa da. Probak pasatu behar behar dituzte zonbiak ekidituz. Zonbi batek ukitzen badio, buff berdea galdu eta gorria eskuratuko du, hau da, zonbi bihurtuko da. "Lepo- berogarria ikusiko den leku batean jarri behar da derrigorrez: lepoan, buruan, besoan...". Kenduz gero jokotik kanporatuak izanen dira. Jokoa hasi aurretik parte hartzaileek lepo-berogarria, mapa eta eskumutur bat jasotzen dute check-point-ean.


Survival Zombian parte hartzeko beste aukera bat zonbi bezala da. Zonbiak ibilbidean zehar daude, eta ibilbidea herri osoa da. "Gainera, proba bakoitzaren inguruetan zonbiak daude ere". Zonbi batzuk taldean joaten dira. "Zonbi hordak dira eta ez dira oso azkar joaten". Taldetan joaten diren zonbiak buff gorria daramate eta horrela ateratzeko sarrera erosi dutenak dira. Zonbien sarrerak oso merkeak dira, eta ekimenean beste modu batean parte hartzeko aukera ematen du. Jokoan zehar zonbi bihurtutakoak ere buff gorriekin joaten dira.


"Zonbi azkarrak daude ere, oso azkarrak". Zonbi hauek buff arrosak eramaten dituzte eta Survival Zombie guztietan parte hartzen dute, WRGren bono bat dute-eta. "Arauak ongi ezagutzen dituztenez jendearen atzetik joateko ahalmena dute". Zonbi hauek talde txikitan edo bakarrik joaten dira. Hirugarren zonbi mota antolakuntzaren zonbiak dira, eta buff horia daramate. "Zonbi batzuk ikusi eta entzuten dute, beste batzuk bakarrik entzuten dute eta beste batzuek bakarrik ikusi. Badira ez dutenak ez entzuten ezta ikusten ere".
Parte hartzaileen %10 zonbiak izanen direla azaldu zuten antolakuntzatik. Biharko ekitaldirako 500-600 pertsona aurreikusi zituzten, beraz, 50-60 zonbi inguru ibiliko dira herriko kaleetatik, eta jokoan zehar bihurtutakoak gehituko dira.


Probak


Zonbiak ukitzea edo jotzea debekatuta dago. Zonbiez eskapo egiteko "korrika egitea edo ezkutatzea" da gomendagarriena. Zona seguruak egonen dira antolakuntzarekin hitzartutako tabernetan, hala ere, zona seguruak ez dira zonbiez ihes egiteko lekuak: "zona seguruetan sartu zaitezke bakarrik lasaitasun une batean bazaude. Zonbi bat zure atzetik badator eta tabernan ezkutatzeko sartzen bazara zonbia zure atzetik sartuko da eta jokotik kanporatuko zaitu".


Proba guztiak zonbiekin zerikusia dute. Herrian zehar banatuta daude, herriko puntu adierazgarrietan. "Etxean jokatzea" garrantzitsua dela diote Bergarak eta Fernandezek, Lasarte-Oriako Survival Zombien parte hartu zuten gazteek. "Probak egiten diren puntuak urrun daude, herriko punta batetik bestera joan behar zara, bitartean zonbiak daudela, noski. Beraz, herria ezagutzeak gauzak errazten dizkizu". Lasarte-Oriako talde batekin elkartu ziren eta ordutik hobe jokatu zutela diote.


Hamabi proba pasa behar dituzte bizidunek zonbiak atzetik dituztela. Gainera, erronka zonbiak gordetzen duen zerbait hartzea da. Hortaz, lehendabiziko gauza zonbia despistatzea da. "Batzuk errazak ziren, azkar egiten ziren, adibidez Minion mozorrotuta zegoen zonbi batekin selfia egitea. Beste batzuk, aldiz, oso zailak dira". Proba bat ezin pasatu itzuli ziren Survival Zombian parte hartu zuten gazteek. Hala ere, aurrera jarraitu zuten beste probak eginez. "Bajera batean sartu behar ginen eta ama bat eta bere alaba zonbiak zeuden barruan. Ama itsua zen baina belarri fina zuen. Barrura sartu behar ginen eta zerbait egin, baina ez dakigu zer egin behar zen, ez genuelako sartzen lortu". Beste proba batean laborategiko probeta bat hartu behar zuten, zonbi botikari itsua despistatuz. "Talde batean zaudenean erraza da. Bat alde batera joaten da zonbia bere atzetik joateko eta beste bat korrika hartu behar dena hartzera joaten da.


Bizidunen taldeak


Taldeka edo banaka jokatu daiteke, baina aurretik parte hartu dutenek taldeka jokatzea gomendatzen dute. "Pelikuletan bezala, bizidunak taldeka elkartzen direla". Gainera, antolakuntzatik norbait bakarrik gelditzen bada taldean sartzeko proposamena egiteko esaten dute. "Taldeak ezin dira ez oso handiak ez oso txikiak izan, bitarteko zerbait". Jokoa hasi aurretik mapa bat banatzen zaio parte hartzaile bakoitzari, aldiz, taldeka jokatuz gero mapa bakar batean jarriko dute proba gaindituaren zigilua.


Zortzi orduko jokoa da, gauean ospatzen dena. "Ez zara nekatzen. Adrenalina bizian duzu, beraz, ez zara konturatu ere egiten orduaz edo nekatuta zaudenik. Nahiko ongi iraun genuen. Nekatzen ginenean zona segurura joaten ginen eta zerbait hartzen genuen, deskantsatzen genuen, eta berriz itzultzen ginen jokora". Zonbiez alde egiteko korrika egin behar da, baina "ez da hainbesterako". "Hu- rrengo egunean hanketan-mina geneukan, baina ez korrika egiteagatik. Nik uste gaueko tentsioa izan zela gehiago".


Istorioa


WRG enpresak 181. Survival Zonbia izanen da Altsasukoa. Ekimen bakoitzean istorio bat kontatzen dute, zonaldeko ohitura eta kontakizunetan oinarrituta. Gainera, parte hartzaileen kopuruaren arabera erakustaldi ikaragarriagoa edo xumeagoa prestatzen dute. "Lagun bat Madrilgo batean egon zen eta bizirik iraun zutenak tanke batean jaso zituzten goizaldean. 12.000 parte hartzailetatik 50 bat inguru biziraun zuten".


Lasarte-Oriako Survival Zombien Gaueko pertsonai mitologikoarekin sortu zuten istorioa: erdi deabru bat zen eta jendea gezurra edo egia esateko hipnotizatzen zuen. "Ezin zinen pertsona horietaz fidatu". Altsasuko Survival Zonbian magia, sorginak eta mamuak parte izanen direla aurreratu zuten antolakuntzatik, gainera, Bergarak eta Fernandezek "momotxorroak ere izan daitezkela" uste dute.
Bizirik dagoen pertsona moduan jokoaz betean disfrutatzeko modu hoberena da, antolatzaileen esanetan, baina zonbi bezala aritzeko aukera dago ere. Bi aukerak frogatzea gomendagarriena dela diote. "Gu ez ginen zonbi bihurtu eta hobe. Ez genuen nahi. Hobe buff berdearekin etxera itzultzea". Biharko ekimenean zonbi ez bihurtzeko txertoa erosteko aukera izanen da. Jokoaren lehenengo ordu eta erdian doan izango da, eta ondoren 5 euroko prezioa izanen du. "Eraman dezakezu eta zonbi batek ukitzen bazaitu zonbiari txerto hori eman eta jokatzen jarraitu ahal duzu".


Zonbien filmak eta telesailak gustuko zituztelako parte hartu zuten Bergarak eta Fernandezek Lasarte-Oriako Survival Zombie-an. Survival Zombie bezalako jokoak "hobbie" bat bihurtu direla diote. Esperientzia "ikaragarria" izan zela diote, eta, gainera, ez zuten amesgaiztorik izan.

 

Oharrak

Adina
10 urtetik gorakoendako ekimena da, adin tarterik gabe.
10 eta 14 urte bitarteko gazteak: gurasoendako batek sinatutako baimena eraman behar dute, sinatzailearen nortasun agiriaren kopia eta heldu baten laguntza izan behar dute.

14 urte eta 18 urte bitarteko gazteak: gurasoendako batek sinatutako baimena eta sinatzailearen nortasun agiria.

Prezioak
10 eta 30 urte bitarteko Altsasun erroldatutakoak: 17 euro.
30 urtetik gorako Altsasun erroldatutakoak: 22 euro.
Beste guztiak: 30 euro.
Zonbi bezala parte hartzeko: 5 euro (etxetik makillatuta) eta 15 euro (makillatzaile profesionalak).

Deialdia
Bizidunak: 18:00etatik aurrera, frontoian.
Zonbiak: 20:00etatik aurrera, frontoian.
Ekimena 23:00etatik 06:00ak arte izanen da herrian zehar.

Deialdia
Zonalde seguruak izanen dira ibildean zehar.

Istorioa
Argiaren Seme-Alabak Ongiaren jarraitzaileak dira. Argiaren edertzapena leku guztietara eraman nahi dute. Argiaren Seme-Alabak taldeak jakin du Altsasun garai zaharretatik botere izugarria duen erlikia bat  hori? Nondik dator? Nola iritsi da honaino? Inork ez daki. Iraganeko kondairak eta mitoak gogoratzen dutenekin hitz egin beharko genuke hari buruz jakiteko.

Argiaren Seme-Alabak, beraz, itxaropentsu Altsasurako bidaia egingo dute. Itxaropentsu daude, bertan behar dutena aurkituko dutela uste dutelako. Horrela, zentzurik gabeko gerrarekin amaituko dute. Behintzat, gertatukoa berriz ez errepikatzen saiatuko dira.

Zonbiak minutuero handitzen da, eta bizirik daudenek zein taldetan borrokatu aukeratu behar dute.