Ipar martxako teknika ikasteko ikastaroa antolatu du Mank-ek

Guaixe 2018ko mai. 15a, 12:49

Ekainaren 2an eta 3an izango da, Altsasun. Izena ematea zabalik dago maiatzaren 25 era arte, Mank-en

Sakanako Mankomunitateak ipar martxako teknika ikasteko ikastaroa antolatu du ekainaren hasieran. Bi saio prestatu dituzte, Altsasuko Dantzalekun: ekainaren 2an, goizeko 10:00etatik 13:00etara, hastapeneko saioa izango da, hasi berriak direnendako, eta ekainaren 3an, goizeko 10:00etatik 13:00etara, hobekuntzako saioa, aurretik zehozer ibili direnendako.

Izan ere, martxa nordikoa, ipar martxa edo nordic walkinga indar handia hartzen ari da. Kirol honek onura nabarmenak ditu osasunerako, geroz eta jarraitzaile gehiago ditu eta horregatik antolatu du bastoiekin ibiltzen ikasteko ikastaroa Mank-ek. Ez da Mankomunitateak ipar martxako teknika ikasteko ikastaroa antolatzen duen lehen aldia. Aurretik antolatu izan du, arrakasta handiz, eta horregatik antolatu du berriz. Gorka Garcia Roman izango da monitorea

Onurak
Nordic walkingaren onurak handiak dira: sistema linfatikoa aktibatzen du, gure defentsak indartzen ditu, gorputza tonifikatu, burua erlaxatu eta estres eta antsietateari aurre egiten dio, besteak beste. Horretaz gain, korrika egiten baino kaloria gehiago erretzen dira eta oinez ibiltzea baino osasuntsuagoa da, sistema kardiobaskularra eta birikietako gaitasuna lantzen laguntzen du, hezurrak sendotzen ditu artikulazioak mindu gabe eta orkatila, belaun eta bizkarrari ez die kalte egiten. Eta mugimenduen sinkronizazioak garuneko bi hemisferioen arteko konexio berriak sortzen laguntzen du.

Izena ematea
Sakanako Mankomunitatean (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866), maiatzaren 25era arte edo lekuak agortu arte. Prezioa: 10 euro (Euskadiko Kutxa 3035 0116 931160003328). Bastoiak dituenak ikastarora eraman behar ditu; bestela, antolakuntzak jarriko ditu bastoiak.