Festak iragartzeko kartelaren bila

Guaixe 2018ko mai. 16a, 12:09

Altsasuko Udalak festak iragarriko duen kartelaren lehiaketa martxan jarri du. Helduen mailan proposamenak garilaren 13a baino lehen aurkeztu behar dira. Haurren mailan garragilaren 15a arte dago epea. Iortia kultur gunean aurkeztu behar dira lanak.

Altsasuko festak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Zerbitzuak. Bi maila daude: helduak eta haurrak. Bi mailetako sormen lanetan Altsasuko Festak 2017-Fiestas de Alsasua 2018 testua agertu behar da derrigorrez. Helduen mailan edozeinek parte hartu dezake, gehienez bi proposamen aurkeztuta.

Lanak originalak izan behar dira, hortaz, baztetuak izanen dira argazki, kartel, pintura eta abarren plagioak. Estilo librea da, baina saridunak multimedia teknikak erabili baditu udalak kopia digitala eskatu diezaioke kalitate handiko inpresioak egin ahal izateko. Proposamenak euskarri gogor batean aurkeztu behar dira, eta A3 edo 70 zm-ko altuera eta 50 cm-ko zabalerako tamaina izan behar dute. Irabazlearendako 600 euroko saria izanen da. Gainera, 18 urte beherako parte-hartzaileen artean 100 euorko accesita banatuko da.

 Haurren mailan Altsasuko ikastetxeetako LH eta DBH 1. eta 2. mailako ikasleak aurkeztu daitezke. Festetako egitarauaren kontrazalean jarriko dute hautatutako lana. Lanak A3 tamainako kartulina batean egin behar dituzte. Irabazaleak marrazteko materiala eta 60 euroko saria jasoko du. Lhko kartel hoberenak aipamen berezia izanen du.  

Helduen mailako proposamenak Iortia kultur gunean aurkeztu beharko dira garilaren 13ko 14:00ak baino lehen. Egileak lanari leloa edo izenburua jarri beharko dio. Izenburu hori gutun-azal batean idatzi behar da, eta gutun azalaren barruan altsasu.net webgunean dagoen gehigarria I beteta eta sinatuta sartu behar da. Haurren mailan plika sistema erabiliko da aurkezteko, hau da, lanarekin batera gutun-azal bat aurkeztuko da eta honetan parte-hartzailearen datuak idatzita egonen dira. Garragilaren 15eko 14:00ak arte dago epea.