Prestakuntzarekin kontratazioa

Guaixe 2018ko mai. 17a, 09:04
Sunsundeguiko SC7 autobus pila. Argazkia: UTZITAKOA

Sunsundeguin hiru ikastaro eginen dira eta gainditzen dutenen % 40 kontratatuko ditu enpresak. Ikastaroetan apuntatzeko Altsasuko enplegu bulegotik pasa behar da hilaren 25eko 14:00ak baino lehen.

Sunsundegui enpresak Nafar Lansarerekin elkarlanean kontratazio konpromisoa duen prestakuntza proiektua eginen du. Hiru prestakuntza ikastaro antolatu ditu autobus enpresak. Baina haiek egin aurretik izena ematen dutenek Lan- eta jende-gaitasunak programan parte hartuko dute. Hartan motibazio ekimena, talde-lana, kolaborazio-lana, lan-arriskuen prebentzioa, kalitatea eta beste aztertuko dira. Programa hori garagarrilaren hasieran abiatuko da, 30 orduko iraupena izanen du eta Sakana Lanbide Heziketa institutuan eginen da. Programa hori bukatutakoan prestakuntza ikastaroetan parte hartzen duten pertsonak aukeratuko dituzte.

Hiru espezialitatetako prestakuntza ikastaroak eginen dira Sunsundeguin: piezen muntaia eta doitzea (40 ordu), autobusen instalazio elektrikoa (40 ordu) eta gainazalen prestakuntza eta pintura (60 ordu). Enpresan lan horiek egiteko trebatuko dituzte onartutako hautagaiak. Oraindik hasiera data ez dago zehaztuta eta aukeratuak izan diren pertsonei jakinaraziko zaie. Ikastaro bakoitza 15 pertsonarendako izanen da eta ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiten dutenen % 40 (18 pertsona) gutxienez kontratatzeko konpromisoa hartu du Sunsundeguik.

Nafar Lansareren kontrataziorako konpromisoa duten prestakuntzarako laguntzen bidez antolatu ditu enpresak ikastaro horiek. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du heldu den hilabetean zabalduko dela deialdi berria eta interesa duten enpresek eskaera egiteko aukera izanen dute. Eginen diren kontratuak mugagabeak izan beharko dute edo, bestela, lanaldi osoan sei hilabete baino luzeagoak, edo bere parekoa lanaldi erdian.