Artea gauza bizia da

Guaixe 2018ko mai. 18a, 14:49

Nafarroa Oinez festaren barruan urtero antolatzen den Arte Oinez erakusketa mustu zuten ostiralean Altsasun. Garagarrilaren 2ra arte ikusgai izanen da Iortia kultur gunean. Dora Salazar artista altsasuarra da aurtengo omendua.

Sakanako artisten lanak nagusi dira Altsasuko Artea Oinez erakusketan. 74 artistaren lanak osatzen dute erakusketa, baina “denak ezin dira etorri”, aitortu zuen Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak eta erakusketaren komisarioak. Hortaz, Sakanako artisten lanak daude gehien bat ikusgai. “Haien bilduma garrantzitsu bat dela esan genezake”. Dora Salazar artista altsasuarra omendu dute aurten Artea Oinez egitasmoan: “artean izandako garapenagatik eta ikastolei erakutsitako mugarik gabeko eskuzabaltasunagatik”.

Artea Oinez erakusketa “aldatu” behar izan dute Altsasuko Iortia Kultur guneko erakusketa aretoan jarri ahal izateko. Hortaz, Iruñeko Kondestable Jauregian erakusketan parte hartzen zuten 74 artisten obretatik hautaketa bat egin behar izan dute. Sakanako artisten lanak ikusgai izanen dira, bereziki. Hamasei artista sakandarrek parte hartzen dute erakusketan.

Diziplina ugariko lanak bildu dituzte erakusketan. Artistak, belaunaldiak eta estiloak ere anitzak dira. Hainbat hizkuntza eta teknika daude ikusgai: eskulturak, argazkiak, pinturak eta hainbat teknikarekin egindako grabatuak.

Omenaldia

Dora Salazar altsasuarra da Artea Oinez egitasmoaren aurtengo artista omendua, eta ostirala egun garrantzitsua zen, izan ere, “Altsasun izan ziren Salazarren lehenengo bizipenak”. Herriko hazkunde demografiko handiko garaia bizi izan zuen Salazarrek, eta momentu hura “sentiberatasunez” hartu zuela azaldu zuen Reparazek: “garapena, harrera eta integrazioa bizi izan ziren, baita desegotea eta diskriminazioa ere”.

Salazarrek “hainbat kortseren” askatasuna lortu zuen artearen bidez, lehenengoa artearen askatasuna izan zela azaldu du Reparazek. Ondoren etorri ziren emakumea eta gizartea. Salazarren artearen garapenean hainbat garai izan dira, baina guztietan “gorputza izan da neurtzeko tresna”.

Iortia Kultur guneko harreran, artistaren hegalak eskulturaren pean jaso zuen altsasuarrak Artea Oinez egitasmoaren esker ona. “Hegalak askatasunaren sinbolo dira. Hegan egitearenak. Baina hegan egiteak ez du esan nahi aske zarela. Kulturak eginen gaitu aske”, azaldu zuen Reparazek. Salazarren arte “garratz eta ironikoa” da, eta matxismoaren, injustiziaren eta intraszendentziaren aurkako mezua zabaldu nahi du.

Artearen munduan izan duen garapenagatik eta ikastolei erakutsitako “mugarik gabeko eskuzabaltasunagatik” Iñigo Aritza ikastolak egin zion “omenaldi maitekorra”.

Artea eta euskara

Artea Oinez erakusketaren helburua da arte plastikoen bidez Nafarroako euskarazko hezkuntza laguntzea, hau da, artea eta euskara bultzatzea. “Arteak, euskarak bezala, transmititzen du. Bihotza mugiarazten du, zirrarak sortzen dizkigu. Eraldatzen da eta eraldatzen gaitu”. Artea, hortaz, bizirik dago, Eneida Carreño Iñigo Aritza ikastolako presidenteak azaldu zuen bezala.

Iñigo Aritza ikastolak Bizi leloa aukeratu du aurtengo Nafarroa Oinezerako, “bizi dagoelako euskara, bizi dagoelako ikastola, bizi dagoelako gure proiektua”. Lelo “positiboa, indartsua eta zabala” da. Hala ere, bizirik mantentzeko “eragile guztion elkarlana” behar dela esan zuen Carreñok Artea Oinez erakusketaren mustutze ekitaldian. 

Carreñok gogorarazi zuen “ikastola ere sorgune dela”, izan ere, duela sei urte arte proiektua jarri zuten martxa. Bi urteko proiektu bat egiten dute: lehenengoa, hain zuzen, Dora Salazar aurtengo Artea Oinez egitasmoaren omenduari buruzkoa zen proiektua, Sakanako hainbat artistarekin batera.