"Bezeroa jatetxera bueltatzea zure burua hobetzeko estimulu onena da"

Guaixe 2018ko mai. 18a, 10:38

Hartza Sueskun ahizpak eta Uxue Barkos.

Hartza Sueskun ahizpek Karlos III.a Noblearen Gurutzea saria Uxue Barkos lehendakariaren eskutik jaso zuten larunbatean.

Nafarroako Gobernuak aurten Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea bederatzi pertsonari eman die. Horien artean daude Julia, Juana Mari eta Manoli Hartza Sueskun ahizpak. Guztiek ere larunbatean egindako ekitaldian jaso zuten kondekorazioa. Uxue Barkosek haien "ahalegin, iraunkortasun, ekintzailetza eta hobetze adibideak" nabarmendu zituen ekitaldian. Euren jardunagatik nafarren “errekonozimendua eta esker ona” aitortu zien.

Hartza Sueskun ahizpak Iruñeko Hartza jatetxeko nagusi izan ziren eta Barkosek azpimarratu zuenez, “haien jatetxea Nafarroako gastronomian puntako establezimendu bilakatu zuten” eta adibide horrek “balio izan du Nafarroaren irudi bikaina eskaintzen duen sektore finkatua sortzeko”.



Manoli Hartza Sueskun saritua
Aitortzarena jakitean, nola hartu zenuten?
Ez genuen halakorik espero. Gu baino gehiago merezi duen jendea badago. Sorpresa izan zen Nafarroako Gobernua gutaz gogoratzea.

Jatetxean egin zenuten lanari omenaldia izan da.
Jatetxean egindako lanaren aitortza da, bai. Guk ez genuen ostalaritza eskoletan ikasi. Gurea dedikazioa izan da. Ez genuen oporrik hartzen. Hiru egun hartzen bagenituen Parisera joateko, jatetxe onenetan egoten ginen. Frantzia eta Italiako sukaldari onenak ezagutzen ditugu. Haien sukaldaritzatik tokiko produktuari egokitu zitekeena hartzen genuen. Arrain eta haragi aniztasun handia du Nafarroak, badakizu.

Hala ere, pentsa dut zuendako omenaldi onena bezeroak behin eta berriz bueltatzea izanen zela, ezta?
Bai. Bezeroa jatetxera bueltatzea zure burua hobetzeko eta aurrera egiteko estimulu onena da. Horregatik, beste sukaldarien lana ezagutzera joaten ginen, gurera egokitzeko.

Zer moduz larunbateko ekitaldian?
Oso hunkigarria izan zen. Guk esateko gutxi dugu. Bertako produktua landu dugula.

Eta nola ospatu zenuten saria?
Aurretik, pasa den asteazkenean, saritu guztiak elkar ezagutzeko elkarrekin bazkaldu genuen, gobernuko ordezkariekin batera. Eta larunbatean, sari banaketaren ondoren, familia eta lagunekin gure jatetxera joan ginen. Orain Abaco izena du eta jaki modernoak zerbitzatzen dituzte han.

Jubilatu ondoren jatetxeak bisitatzen segitzen duzue?
Bai bisitatzen ditugu. Eta lagunekin bazkariak ere egiten ditugu.



Karlos III.aren Gurutzea
Nafarroako Gobernuak 1997. urtean sortu zuen Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea saria, Nafarroako gizartearen aurrerapenean edo Komunitatea kanpoan ezagutarazten, bakoitzaren jardueren eremu zehatzetik era nabarmenean lagundu duten pertsona eta erakundeei errekonozimendu publikoa emateko. Saria foru-dekretu bidez ematen da.

Sariak Karlos III.a Noblearen izena hartzen du; hots, Nafarroako errege guztien artean nabarmendutako monarkarena, bakezalea eta adiskidetzailea izateagatik, kulturaren eta artearen aldeko ekimenak egiteagatik eta Europako gainerako gorteekin bake- eta adiskidetasun-harremanak ezartzeagatik.

Kondekorazioa gurutze esmaltatu bat da, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen den ezkozko errege-zigiluan agertzen den Karlos III. eseriaren irudia berregiten da, "Karolus regis navarre" legendaz inguratuta. Atzealdean Nafarroako ezkutua dago, "Nafarroako Foru Komunitatea" adierazpenaren eta "Cruz de Carlos III el Noble de Navarra" legendaren gainean.