Udalak udarako eskaintza zabala prestatu du

Guaixe 2018ko mai. 18a, 11:17
Aurreko urte bateko Aisiaz Blai programako ekimen bat.

Ludotekak, musika eskolak eta Gazteria eta Kirol sailek osatu dute eskaintza. Hilaren 22tik 29ra eman daiteke izena.

Altsasuko Udalak udara begira jarduera egitarau zabala prestatu du. Ludotekak, musika eskolak eta Gazteria eta Kirol udal sailek prestatutako eskaintza hori liburuxka batean jaso du udalak eta ikastetxeen bidez banatuko du. Gogoko eskaintza opatzen duenak izena emateko maiatzaren 22tik 29ra arte du izena emateko epea 012 doako telefonora hots eginez (banketxeko txartela eskura izan) edo www.altsasu.eus web orriaren bidez. Azken horretan eskaintzari buruzko informazio guztia dago.

Txantxari ludotekaren udako eskaintza heldu den hilabetean hasiko da Asiaz blai programarekin. Haurrek ikastetxeetan oporrak hartu berritan lana eta familia bizitza bateragarri egiteko eskaintza da hori 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Garagarrilaren 20tik 22ra eta 25etik 28ra izanen da, 08:30etik 13:30era, ludotekan bertan. Garilaren 2tik 27ra, berriz, aisialdi programa izanen da. Aurtengo berritasuna da ordutegia ordu erdi luzatu dela, 09:30ean hasiz. Hala, aurreneko ordu erdian sarrera malgua izanen da. Agorrileko ludotekaren eskaintza 1ean hasi eta 30ean despedituko da eta 10:00etatik 13:00etara izanen da. Udako bi hilabete horietako goiz parteko aisialdi programa hori 4 eta 12 urte bitarteko haurrendako da. Hamabostaldika izena emateko aukera eskaini du udalak. Izena ematerakoan beste berritasun bat du Aisiaz Blai udako programak: Altsasun urte betez erroldatutako lehen mailako ahaide bat dutenek parte hartzeko aukera izanen dute. Horretarako, familia liburua aurkeztu beharko da.

Gazteria
Hiru multzotan banatu ditu Gazteria Sailak 12 eta 30 urte arteko altsasuarrendako prestatutako eskaintza. Alde batetik, tailerrak daude (zaldi ibilaldia, ur festa goxoa, ortzalde behaketa eta gaueko pulunpak). Bestetik, udagazte programa, 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako herri-kanpaldia. Aisialdi programa hori garilaren 9tik 20ra, 10:00etatik 13:00etara. Azken gauean Dantzalekun kanpaldia eginen dute. Azkenik, aurten ere ez du hutsik eginen Gu Geu Gazte programak. Aniztasun funtzionalak dituzten gazteei zuzenduta dago eta garilaren 2tik 27ra izanen da, 17:00etatik 20:00etara. Azken bi multzoetan gurasoen errentaren arabera ordaindu beharko da izen ematea.

Kirola
Udalaren sail horrek jakinarazi du heldu den ikasturteko kirol eskolen eskaintzan izena emateko epea ere orain zabalduko dela. Kirol eskoletan, normalean, 2003 eta 2014 urteen artean jaiotakoak hartuko dituzte. Igeriketa eskola gehituta, 11 kirol eskolaren eskaintza dago Altsasun. Berritasuna den  igeriketa eskola 2006 eta 2009 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Izena emateko maila berdea edo dagokion proba gainditzea eskatuko da. Pilotako kirol eskolan ere berritasuna izanen da, neskendako taldea sortuko baita. Eta parte-hartzaileen arabera bai esku pilota bai pala landuko du.

Bestetik, heldu den hilabetean igeriketa ikastaro trinkoa izanen da 3 eta 12 urte bitarteko umeendako. Triatloi eskaintza, berriz, 2004 eta 2009 urteen artean jaiotakoendako da. Osasunez hazi programak loditasunaren prebentzioa du helburu. Horretarako, jarduera ludiko-fisikoa eskaintzen du, osasun-etxeko pediatria arloarekin koordinatuta. Bestetik, kiroldegitik jakinarazi dute  garagarrilaren 1etik 23ra Zelandi kirol guneko bazkide egiten denak matrikula doan izanen duela.

Prezioak eta hobariak
Udalaren eskaintzan errentaren araberako matrikula pagatu beharko da. Hori lortzeko udalak familia unitatearen diru sarrerak familia unitatea osatzen duten pertsona kopuruagatik zatituta lortzen du. Horren arabera lau errenta tarte zehaztu ditu (4.000 euro edo gutxiago, 7.500 euro baino gutxiago, 7.500 eta 15.000 euro artean eta 15.000 eurotik gora) eta batean edo bestean egon izen ematean pagatu beharrekoa aldatu eginen da. Tarifak ordaintzetik salbuetsita egongo dira Altsasun duela sei hilabetez erroldatutako pertsonak. Ordainketan salbuespena edo hobariak jasotzeko oinarrizko zerbitzuen bulegoan aurkeztu beharko da dokumentazioa.