Noten artean genero berdintasunaren doinua

Guaixe 2018ko mai. 18a, 08:34
Julia Cid, Arantza Bengoetxea, Javier Ollo, Jokin Borromeo eta Jose Luis Mora.

“Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako I. Berdintasun Plana indarrean dago eta harekin lanean gaude”. Plana bidea egiten hasi da aurreneko ikasturte honetan eta pixka bat garatua egon arte itxaron dute haren aurkezpena egiteko.

Eskolako zuzendari Jokin Borromeoren azalpena da aurrekoa. Haren ustez, Nafarroan Genero Berdintasun Plana duen aurreneko musika eta dantza eskola da Altsasukoa. “Horregatik, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi nahi diogu, hezkidetza lantzen ari dela dakigulako. Prozesu honetan jasotako gure esperientzia eta jakintza gainontzeko eskolen esku utziko dugu”. Dagoeneko Nafarroako Musika Eskolen Elkartearekin harremanetan jarri dira eta aurki aurkeztuko diete. Borromeoren iritziz Berdintasun Plana “aukera aparta da, lehenik, berdintasunari gure eremuan bulkada emateko, eragina handia delako. Gainera, eskolaren kudeaketa hobetzeko balio du, Berdintasun Planak prozesuak aztertzera eta sintetizatzera lagunduko digulako”.

Arantza Bengoetxeak Emakume eta Berdintasun zinegotziak gogoratu zuen udalak 2016an bere II. Berdintasun Plana onartu zuela eta 2019ra arte indarrean dagoela. “Planaren lau ildoetako bat udal gobernantza eta genero zeharkakotasuna da. Eta hor dago jasoa udalaren arlo guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko zer egin behar den”. Planaren arabera 2017an kirol arloan eta Musika eta Dantzan Eskolan genero ikuspegia landu behar zen.

Eta horri segika Emakume eta Berdintasun Batzordea eta Musika eta Dantza Eskola elkarlanean hasi zirela azaldu zuen Bengoetxeak. Lehenik tailer bat antolatu zuten, “eskolako musika eta dantza hezkuntzan genero berdintasuna txertatzeko. Harrera bikaina izan zuen klaustroan”. Irakasleek parte hartu zuten. Borromeoren arabera, “behar bat zela ikusi genuen. Irakaskuntzan oso garrantzitsua da aspektu hori”. Zuzendariak gogoratu zuen lehen saio hura 2016an izan zela. Eta gaineratu zuenez: “saio haietan eskolan lantzen ari ginen zenbait gai eta kontuan hartzen ez ziren beste batzuk azaleratu ziren. Ikusi genuen hura guztia sistematizatu beharra zegoela, ordenatu, eskolaren zati izan zedin”.

Urtea lanean
Abiapuntu hartatik, 2017an eskola Berdintasun Batzordearekin elkarlanean genero ikuspegitik ikastetxearen diagnosia egitea erabaki zuten. “Diagnostikoan hobetu beharreko arloak agertu ziren eta, ondorioz, berdintasun arloko plana egitea eta onartzea erabaki genuen”, azaldu zuen Borromeok. Plana egiteko Nafarroako Gobernuak enpresetan genero berdintasuna ezartzeko duen metodologia segituz eta moldatuz egin zutela azaldu zuen zuzendariak. Eta lau esparrutan aritu ziren: eskolaren lidergoa, politika eta estrategia (zein eskola mota nahi dugu, zein balio defendatzen ditugu, nola zabaltzen ditugu, noren laguntza dugu…); giza-baliabideak; prozeduren kudeaketa, hau da, irakaskuntzaren eta administrazioaren kudeaketa nola egiten den eta, azkenik, eskolaz kanpoko komunikazioa (erakundeak, hornitzaileak, publikoa, familiak…).

Langintza horretan aditu batek eta Altsasuko Udalaren Berdintasun Saileko teknikariaren laguntza izan zuten. Planaren edukia patronatuko juntarekin eta familiei ere aurkeztu zieten, eta “2017 guztian egindako lanari esker, urte akaberan onartu zen eskolaren I. Berdintasun Plana, hainbat helburu eta haiek lortzeko hainbat ekintza dituena”. Udalaren izenean Bengoetxeak plana egin duten guztiak zoriondu eta eskerrak eman zizkien. “Ziur gaude egin den bidearekin eta planaren garapenarekin musika eta dantza ikasketetan berdintasunaren ikuspegia txertatuko dela, eta eskolaren kalitatezko kudeaketan eragina izanen duela”.

Javier Ollo Martinez alkateak, eta eskolako patronatuko presidenteak, “egindako lanagatik pozik” zegoen, eskolak “irakaskuntzan eta kudeaketan ez duelako genero ikuspegia bazter utziko”. Patronatuko kideen izenean plana egiten aritu diren klaustro kideei eta familiei eskerrak eman die. Eta azken horiei zuzenduta gaineratu zuen: “espero dezagun planaren jarraipenean ere parte hartzen segituko dutela, haien seme-alaben hezkuntzaz ari baikara”.

Plana indarrean
Ikasturte honetan jarri dute indarrean berdintasun plana eta beste hiru kurtsotan indarrean izanen da. Irakasleek, esaterako, hitz egiteko garaian edo familiei oharrak idazterakoan genero ikuspuntua zaintzen hasi dira, “askotan dena oso maskulinizatuta egon da” azaldu zigun zuzendariak. Horretarako, trebatu egin dira, baina gehiago beharko dutela esan du Borromeok.

Altsasuko Musika eta Dantza Eskolak ikasturte honetan emakumezko konposatzaileen izen-abizenekin datu-basea egin du. “Betidanik esan da instrumentu jakin batzuk mutikoendako edo neskendako direla. Ez. Edozein instrumentu edonork jo dezake! Estereotipo horiek hausten saiatu beharko dugu, beste eredu batzuk ematen. Klasean egiten den lan guztiarekin batera landuko da”. Adibidea eman zigun: “tronboia, bonbardinoa, tuba… badirudi beti mutilen instrumentuak izan direla. Zorionez tronboia eta bonbardinoa jotzen duten neska ugari ditugu Altsasun. Zeharkako txirularekin kontrakoa gertatu da, neskendako zela esaten zen, eta eskolan ikasten duten mutilak baditugu”. Horren emaitza izanen da ikasleek emanen duten Estereotipoak hausten kontzertua, garagarrilaren 4ean, Iortia kultur gunean.

Berdintasun Plana eskolako pedagogia planean eta estatutuetan txertatuko da. Eskolak antolatutako jarduera guztietan haren berri eman dute. Bestetik, dagoeneko, eskolaren lan eskaintzetan genero prestakuntzak puntuak ematen ditu. Eta planaren logotipoa eginen dute ere. Lana eginda, hura gauzatzea zaila dela aitortu du Borromeok.


Plan estrategikoan jasotako neurriak
Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako 1. Berdintasun Planak ikastetxean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko lau lan ardatz jasotzen ditu. Ardatz horiek lantzeko 10 arlo zehaztu dira eta haiek garatzeko 13 helburu zehaztu dituzte. Helburu horiek 33 neurriren bidez landuko dituzte. Hori guztia 2017-2018 ikasturte honetan hasi da eta 2020-2021 ikasturtera arte luzatuko da. Lan bakoitza zein datatan egin behar den ere zehaztuta heldu da planean.

Lidergoa, politika eta estrategia izena du planaren lehen ardatzak. Bi arlotan lan eginen da. Alde batetik, eskolaren politika dago. Hori lantzeko sexuen arteko berdintasuna bultzatuko dute eskolako kulturaren baitan eta sexuen arteko berdintasuna bultzatuko dute kudeaketa sisteman. Esaterako, estatutuetan edo sortzen diren ondorengo dokumentu eta planetan. Zuzendaritza taldeak genero gaian trebakuntza jarraitua jasoko du, egunean egoteko. Gainera, Patronatuan eta Errektoretza Batzordean emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia orekatuko da, azken helburua % 40 eta %60 da. Horretaz aparte, genero ikuspegia duen kalitate sistema baten definizioa eginen dute. Beste arloa barne komunikazioa eta parte hartzea da eta, horretarako, eskolako elementu guztietan hizkuntzaren erabilera ez sexista eginen dute. Horretarako langileak euskaraz eta gaztelaniaz trebatuko dira eta hizkuntza eta komunikazio ez sexistarako tresna bat sortuko dute.

Pertsonak ardatzak lau arlo ditu lantzeko. Lehenik, giza baliabideen kudeaketa arloan hiru helburu aurreikusi dituzte: eskolan ordezkaritza gutxiago duten postuetan emakumeen presentzia handitu (6 neurri, besteak beste:  zuzendaritza taldean eta ordezkaritza organoetan emakumezkoen presentzia esanguratsua izatea; genero ikuspegia duen hautaketa prozesua lantzea; epai-mahai mistoak eratzea edo genero ikuspegitik organigramaren ikerketa egitea, emakumezkoak non dauden eta non egon beharko luketen), langileria genero kontuetan sentsibilizatua (langileen prestakuntzari buruzko bi neurri) eta erakundean gizonezkoen eta emakumezkoen garapen profesionala sustatzea. Bigarren ardatza lan-osasunarena da eta helburua gizonezkoek eta emakumezkoek dituzten hainbat arrisku egoera ezagutzea eta erantzuna ematea da. Esaterako, sexu edo sexuaren araberako jazarpena. Hirugarren ardatza, berriz, kontziliazioa eta erantzukizuna da eta gizonak uztartuko dituen kontziliazio erantzunkide eredua sortu nahi dute eskolan (beharren azterketa eta sentsibilizazioa) . Azkenik, ordezkaritza sindikala eta negoziaketa kolektiboa ardatzaren helburua da lan hitzarmenean genero ikuspegia txertatzea.  Horretarako, amatasunaz haratago doazen genero klausulak sartu nahi lituzkete.

Altsasuko Musika eta Dantza Eskolaren I. Berdintasun planaren hirugarren ardatza prozeduren kudeaketa da. Bi arlotan lan eginen dute. Alde batetik, zerbitzu emateen kudeaketa dago. Helburua litzateke eskolan gerta daitezkeen genero joerak saihestea. Horretarako bost neurri aurreikusi dituzte: eskolarako genero ikuspegia berrikusi eta txertatuko duen hezkuntza eredu integral baten diseinua eta onarpena eginen dute; eredu berri horretan berdintasunarekin lotutako gaiak aztertuko dituen ikasleriari zuzendutako hezkuntza programa diseinatu eta onartu; emakumezkoek sortutako konposizioen, lanen eta dantzen ikerketa eta datu-basea sortu; Hezkuntza Departamentuari berdintasunari lotutako hainbat plan eta dokumentu eskatu eta departamentuari martxan jartzen ari den Hezkidetza Planaren berri eskatu eta egokia irudituz gero, plan horretan eskola kontutan har dezatela eskatu. Hirugarren ardatz horretan, bestalde, administrazio kudeaketa arloa dago. Helburua da administrazio-prozedura guztietan genero berdintasuna sustatzea. Horretarako, hizkuntzaren erabilera ez sexista eginen da eta sexuaren araberako datu bilketa eta erabilera ere eginen da, administraziotik landutako dokumentazio guztian.

Berdintasun Planaren azken ardatza ingurunearekin harremana da. Bi arlotan landuko da. Lehenik, kanpo komunikazioa dago, erakundeekin, entitate kolaboratzaileekin eta bezeroak diren entitateekin eskolak duena. Eskolak duen kanpo irudian generoaren ezarpena balore gisa ematea da helburua. Horretarako, sei neurri jaso dira planean: eskolak erabiltzen duen dokumentazioa berrikusiko da eta genero ikuspegia txertatzeko beharrekoak diren aldaketak eginen dira; proiektuak, memoriak eta lehiaketa publikoekin lotutako dokumentuetan idazketa eta irudien erabilera ez sexista eginen da; eskolak berdintasunarekin duen konpromisoa beste erakundeei, bezeroei eta kolaboratzaileei jakinaraziko zaie; familia eta ikasle berriendako harrera dokumentua sortuko da eta hartan eskolako baloreak eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna jasoko dira; kontzertu eta audizioetan hezkidetza ikuspegia eta gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna ikustaraziko da eta, azkenik, familiei berdintasunaren eta hezkidetzaren inguruko saioak egin eta informazioa emanen diete. Planeko laugarren eta azken ardatzeko bigarren arloa kanpo kontratazioak eta erosketak dira. Helburua da hornitzaileek egindako lanetan genero ikuspegia txertatzea. Horretarako, eskolan hornitzaileei zuzendutako jarduteko jarraibideen lanketa, haien ikerketetan, diagnosietan, ekintza planetan eta abarretan genero aldagaia txertatu dezaten. Gainera, hornitzaileei eskolak berdintasunarekin duen konpromisoaren berri emanen diete.


Berritasuna matrikulan
Altsasuko Musika eta Dantza eskolan matrikulazio epea astelehenean zabaldu zen eta hilaren 25era arte hala segituko du. Izena eman nahi dutenek eskolako idazkaritzatik pasa beharko dute, astelehenetik ostegunera 15:00etatik 20:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 14:00etara. Aurreko urteetan bezala Altsasun erroldatutakoek herrian ez daudenak baino gutxiago pagatuko dute. Bestalde, udalak musika eta dantza irakaskuntza altsasuar guztien eskura jarri nahian berritu du matrikulatzeko modua. Ollok aldaketa hori eskolaren onerako dela uste du. “Deskontuek baliabiderik ez duten familiei eskolarako sarbidea erraztu diezaiekete”.

Altsasuko Udalak erabaki du matrikulan igoerak edo deskontuak aplikatzea familien errentaren arabera izatea. Horretarako, familia bakoitzaren errenta garbiaren kopurua familiako kide kopuruagatik zatitu eta ateratzen den zifraren arabera pagatu beharko da. Demagun familia batean gurasoek 14.000 eta 22.400 euro garbiko bi soldata dituztela, hau da, 36.400 euro urtean. Guraso horiek bi seme-alaba badituzte, azken kopuru hori zati lau egin beharko da eta 9.100 euro ematen ditu. Udalak prestatutako errentaren araberako taulan kopuru hori 6. da eta, beraz, matrikulan % 38,21eko deskontua lukete.

Matrikula errentaren araberakoa izanen da
Errenta tartea Aplikazioa
25.000 edo gehiago % 25 gehiago
15.000,01 – 24.999 Berdin
12.400,01 – 15.000 % 6,87 gutxiago
10.700,01 – 12.400 % 17,91 gutxiago
9.300,01 – 10.700 % 26,87 gutxiago
7.980,01 – 9.300 % 38,21 gutxiago
6.650,01 – 7.890 % 46,27 gutxiago
5.500,01 – 6.650 % 54,33 gutxiago
4.500,01 – 5.500 % 58,51 gutxiago
4.500 edo gutxiago % 62,69 gutxiago


Musika eskaintza
Altsasu Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza honakoa da: euskal dantza, kantua, txistua, gaita, alboka, akordeoia, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronboia, bonbardinoa, tuba, saxofoia, zeharkako txirula, musika hizkuntza eta 3 eta 6 urte arteko haurrendako musika eta mugimendua. Horiek guztiak ikasketa ofizialak dira. Baina musika hizkuntzarik gabeko ikasketa ez ofiziala ere eskaintzen du, batez ere helduez osatutako taldeendako. Goian aipatutako instrumentuak landu daitezke horrela. Taldekako klaseak dira, astean ordu batez eta hileko 24 euroko matrikula dutenak.

Eskolari eta bere eskaintzari buruzko informazio gehiago nahi duenak www.altsasumusikadantzae.wixsite.com/eusk web orrian, musikaeskola@altsasu.net e-postan eta 948 564 581 telefonoan jaso dezake.


Eskolaren datuak
269 ikasle.
162 musika ikasle.
83 neska eta 79 mutiko.
107 dantza ikasle.
94 neska eta 13 mutiko.
16 irakasle.
10 emakumezko eta 6 gizonezko.
Administraria, emakumezkoa.