Huellas de Altsasu elkarteak jasoko ditu galdutako txakurrak

Guaixe 2018ko mai. 18a, 12:30
Bi txakur aulki batera lotuta.

Altsasuko Udalak eta elkarteak hitzarmena sinatu dute galdutako animaliak jasotzeko zerbitzua bermatzeko.

Galdutako eta abandonatutako txakur eta katuak jasoko eta lagunduko dituzte Huellas de Altsasu elkarteko kideek. Altsasuko Udalarekin hitzarmena sinatu dute azken urteetan medio ezagatik geldituta egon den zerbitzua berriz martxan jartzeko. Hitzarmena urte baterako da, luzatzeko aukerarekin eta animali bat galduta edo abandonatua aurkitzen denean zer egin behar den azaltzen duen protokoloa adostu dute.

Legearen arabera Udalak arduratu behar dira abandonatutako eta galdutako animaliez. Altsasun Udaltzaingoa arduratzen zen kalean aurkitzen ziren animaliez, baina, azken urtetan udaltzaingoaren giza-baliabide eta bestelako baliabide faltagatik Udalak ezin izan du zerbitzua eskaini.

Huellas de Altsasu taldeak, aldiz, izate animalista duen elkartea da eta azken aldian kalean aurkitzen ziren animaliak jasotzeaz arduratu dira. Beraz, zerbitzua bermatzeko eta modu eraginkorrean eraman ahal izateko Huellas de Altsasuk zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartu du.

Huellas de Altsasu jasoko ditu, beraz, galdutako eta abandonatutako txakur eta katuak, baina Altsasuko Udalak instalazioak jarriko ditu. Hortaz, orain arte animali galduak eta abandonatuak hartzeko erabilitako tokia eraberrituko du Udalak. Gainera, animaliak elikatzeko janariaren eta beharrezkoa izatekotan albaitariaren gastuak udalak ordainduko ditu ere.

Abandonatutako edo galdutako txakur edo katua jaso ondoren, gehienez hamar egun igaroko dira udalaren instalazioetan. Egun horietan Huellas de Altsasuk giza-baliabideak jarriko ditu, hau da, animalia zaintzen egonen dira. Bitartean animaliaren jabea bilatzeko lanak eginen dituzte.

Protokoloa
Kaleetatik galduak darabiltzaten animaliak udaltzainek edo elkarteko kideek aurkitzen badituzte haiek jasoko dituzte. Betiere udaltzaingoa abisatuko dute. Identifikatu gabeko edo txip gabeko txakurrak gehienez hamar egun egonen dira udaleko instalazioan. Hamar egunetan jabea ez bada agertzen elkarteak adoptatzeko prozesua martxan jarriko du. Bestela, Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Etxauriko txakurtegira eramanen dute. Txakurraren jabea agertzekotan jabea dela ziurtatuko dute. Udalak izandako gastuak pasako zaizkie.

Identifikatutako edo txipa duten txakurrak ere hamar egun pasako dituzte, gehienez, udalaren instalazioetan. Jabea ez bada agertzen udaltzaingoa abisuan jarriko dute eta neurri legalak hartu dezakete. Katuen identifikazioak egitea zaila denez, jabeek probak erakutsi beharko dituzte katua haiena ziurtatzeko, argazkiak kasu.