"Jendea bizirik sentitzea da obraren helburua"

Guaixe 2018ko mai. 18a, 14:49

Pablo Carbonellen El mundo de la tarantula ikuskizuna izanen da bihar, Altsasuko Iortia kultur gunean, 19:30ean

El mundo de la tarantula liburua Pablo Carbonellek barruan zuena ateratzeko erabili zuen. Autobiografia ikuskizun bihurtu zuen liburuaren izenburu bera duen obra batean. Bihar Altsasun emanaldia eginen du Iortia kultur gunean, 19:30ean. Ikuskizuna hasi aurretik, 19:00etan, liburua erosteko aukera izanen da Arkatz liburu-dendaren eskutik. Liburu-dendak antolatuta, gainera, Carbonellek liburuak sinatuko ditu, "norbaitek erosten baditu, noski".

Zer da El mundo de la tarantula ikuskizuna?
Egiari buruzko antzerkia da. Antzerki erreala. Nire aurretik beste batzuek egin dute, esaterako, Concha Velaskok, Gabino Diegok, Mike Thyssonek edota Carrie Fhiserrek. Bizitzaren kontakizuna egitea da. Ikuskizunaren munduari buruz hitz egiten dut nik. Espektakuluari buruz hitz egiten duen espektakulua da.
 
Liburutik obra sortu zenuen. Nola izan zen prozesua?
Liburua burutik pasatzen zitzaizkidan gauzen ontzia zen. Gidoia egiteko antzerki moduan tratatu zitezkeen gauzak garatu nituen bakarrik. Ez nuen nahi hitzaldi bat izatea. Antzerkiak eskatzen duen gutxienekoa da zerbait gertatzea, ez bakarrik kontatzea.

Zer gai jorratzen dituzu ikuskizunean?
Norberaren bizitzaren kontakizuna egiten duzunean beste baten bizitza ari zara kontatzen. Biografia bat irakurtzen dudanean, nire bizitza konparatzen dut bestearen bizitzarekin. Ikusle batek esan zidan bere bizitza ikusi zuela ikuskizunean, eta hori oso polita da. Zentzu horretan liburua eta obra lotsa kentzeko modu bat izan da, baita zintzotasun ariketa bat izan da ere. Liburua irakurri dutenak eta ikuskizuna ikusi dutenak lagunak bihurtu dira.

Zu zara edo paper bat interpretatzen duzu?
Interpretatzen ditudan paperak gogora ekarri nahi ditudan pertsonak dira. Haiekin elkarrizketak egiten ditut ahots aldaketaren edota leku aldatzeen bidez. Uneoro pertsonekin hitz egiten ari naiz, eta pertsona horiek interpretatu behar ditut. Baina, interpretatu baino, kopiatzen ditut. Haien imitazioa egiten dut. Zerbait garrantzitsua erakutsi didaten pertsonekin hitz egiten dut: Pedro Reyes, lehenengo neska-laguna, Javier Krahe... Ikuskizuna errusiar mendi bat dela esatea gustatzen zait.

Ikuskizunak ikaspenik badu?
Liburua oso morala da. Drogen kontsumoaren ingurukoa da. Ikuskizunean alde hori alde batera utzi dut. Ikaspena izan daiteke bizitza konplexurik gabe bizi behar duzula, probetxua atera behar diozula eta bizirik zaudela jakin kontuan izan behar duzula. Itzala utzi. Jendea bizirik sentitzea uste dut dela ikuskizunaren xedea.