Emakume baten bizitzaren komeriak

Guaixe 2018ko mai. 25a, 13:02

Tarima Beltza antzerki taldeak Madres y pasotas antzezlana taularatuko du bihar, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Dario Fo egilearen antzezlan baten adaptazioa da, eta komedia du oinarri: emakume baten bizitzaren pasarteak kontatzen ditu obrak.

Madres y pasotas Dario Foren La madre pasota antzezlanaren adaptazioa da. Asun Abadek egin zuen adaptazioa, izan ere, Foren lana monologo bat da eta Abadek monologo horretatik pertsonaiak atera zituen. Madres y Pasotas komedia bat da, izan ere, “Tarima Beltzakoek eskatzen dute komedia egitea”, Jon Barbarin Tarima Beltzako zuzendariak azaldu duenez. Martxoan estreinatu nahi zuten, baina testuekin arazoak izan zituztenez bihar taularatuko dute estreinakoz, Iortia kultur gunean, 19:30ean. Hamargarren urtemuga ospatu du Tarima Beltza antzerki amateur taldeak.

Kutsu eta kritika soziala duen komedia bat da Madres y Pasotas antzezlana. Emakume batek apaiz batekin duen elkarrizketa kontatzen du. Kontatzen duen bitartean “flashback” moduan bere bizitzaren kontakizunak irudikatzen dira. “Testua hautatzeko arazoak izan genituen. Bi proposatu zidaten, baina ez nituen ikusten. Nik beste proposamen batzuk egin nizkien, baina haiek ez zuten ikusten”. Azkenean Foren antzezlanaren adaptazioa aukeratu zuten. “Dario Fo lan egiteko oso esker onekoa da”.

Lau emakumezko aktore eta gizonezko batentzako prestatutako antzezlan bat egin behar zuten, gainera. “Bilatu behar duzu zerbait haientzako, eta lau emakume eta gizon bakarrarentzako zaila da askotan. Antzerkian, beste arloetan bezala, oraindik antzezlanetan gizonezkoen pertsonaiak nagusi dira. Orain egiten diren antzezlanetan, agian, emakume pertsonaia gehiago daude”. Merche Herrera, Nahikari Gonzalez, Marta Diego, Olibi Galparsoro eta Juan Manuel Herrero dira Madres y Pasotas antzezlana taularatuko duten aktoreak.

Flashback

Askotariko pertsonaiak daude Tarima Beltzak taularatuko duen antzezlanean. “Pertsonai dezente daude, emakumeak bere bizitza kontatzen ari denean flashback moduan agertzen dira pertsonaiak”. Emakumeak kontatzen dituen pasarte horiek irudikatzeko argiak eta soinuak erabiliko dituzte, gehienbat. “Testuarekin ulertzen da ere”. Protagonistaren papera egiten duten bi aktoreek ileorde berdina eramaten dute, hortaz, publikoak identifikatzen dituzte, Barbarinek azaldu bezala.

“Bi espazio oso ondo bereiztuta daude, argiekin bereziki. Orainaldiko momentuan aitorlekua agertzen da eta oso markatuta dago. Gero flashback horiek beste espazio batean egiten dira”. Denbora saltoak ematen dira antzezlana osoan zehar, baita hainbat toki agertzen dira ere. “Emakumea gogoratzen da beste emakumeekin elkartzen zenean manifestazioak egiteko, senarra ezagutu zuen unea, umea jaioberria zenean, gero ezkondu zenean... bere bizitza, azkenean”.

Eszenografikoki “elementu gutxi” erabiltzen dituzte, eta “baten bat nahiko surrealista da”: “ez daude errealismoan oinarrituta”. Barbarinek estilo “minimalista” nahiago du, izan ere, baliabide gutxirekin espazioarekin jolastea gustatzen zaiola azaldu du. “Oso pertsonala da. Baina niri ez zaizkit dekoratu handiak gustatzen. Elementu bat ateratzen baduzu erabiltzeko da”. Izan ere, "antzerkia irudimena da"; irudimenarekin jolastea, Barbarinen ustetan: “aktoreen lana da sinistaraztea”.

Hamar urte

Tarima Beltza antzerki taldea Altsasuko Antzerki Tailerretik sortu zen duela hamar urte. Ordutik, sei antzezlan taularatu dituzte Jon Barbarin ihabartarraren zuzendaritzapean: La familia Malumbres y sus farsas (2007), No hay ladrón que por bien no venga (2008), ¿Habrá o no habrá función? (2009), Bienvenido a Girasol (2012), Nunca fuimos heroes (2014) eta Falstaff no cree en la otra (2016). Antzerki taldetik hamaika aktore pasa dira: Maru Garcia, Jose Luis Liberal, Merche Herrera, Juan Manuel Herrero, Amaia Mintegi, Pili Maldonado, Maru Garcia, Marta Diego, Natalia Martin, Eider Leoz, Nahikari Gonzalez eta Olibi Galparsoro