Josefina Arregiren historia Gayarren

Guaixe 2018ko mai. 25a, 13:34

Altsasuko Josefina Arregi klinikan oinarrituz Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak 'Ahanzturaren lorratza' ikuskizuna sortu du. Bihar Gayarre Antzokian mustuko du, 20:00etan. Irabaziak Altsasuko klinika psikogeriatriakoarendako izanen dira.

Dementzia gaitzak pairatzen dituzten pertsonek jasaten dituzten pasarteak, sintomak eta ahanzturak irudikatuko ditu Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Ahanzturaren lorratza ikuskizunean; izenburuak adierazten duen bezala "ahanzturaren estelak" irudikatu dituzte. Elkarteko kideek sortu dute ikuskizuna. Bihar, 20:00etan izanen da emanaldi bakarra, Iruñeko Gayarre Antzokian. Momotxorroak ikuskizunaren parte izanen dira.

Sarrerek 10 eta 14 euro bitarteko prezioa dute . Josefina Arregi klinikan, eta Gayarre antzokiko leihatilan eta webgunean lortu daitezke. Zero lerroa dago; hau da, emanaldira joan gabe diru ekarpena egiteko aukera dago. Irabazi guztiak Josefina Arregi klinika psikogeriatriakoarendako izanen dira.

Emanaldi berezia

Ikuskizunaren gidoia, koreografiak, eszenografia eta musika Ortzadar Elkarteko kideek sortu dute. Ortzadarreko dantzariek taularatuko dute ikuskizuna ere. Josefina Arregi klinikaren lana gertutik ezagutzen dute elkarteko kideek, izan ere, "hainbaten senideak tratatu dituzte", azaldu du ikuskizunaren arduradunak. Hortaz, zerbait egitea proposatu zieten: "hasieran emanaldi solidario bat egitea proposatu ziguten, hau da, gure emanaldi ohiko bat. Baina zerbait berezia egin genezakeela pentsatu genuen".

Duela hamar hilabete inguru hasi ziren emanaldi "berezia" prestatzen. Ikuskizunaren xedea gaitza ezagutzen ez duten pertsonei "gerturatzea" da, alzheimer eta dementzia gaitzak ezagutaraztea: "gaitzaren eragina pairatzen duten pertsonen pasarteak eta ahanzturak kontatzen ditu, eta senideengan duen eragina". Josefina Arregi klinikaren sorrera kontatzen dute ere. "Bi gauzak elkartu ditugu".

Ikuskizunak bost ekitaldi ditu, eta istorioa antzeztutako dantzan kontatuko dute. Musikak ere garrantzia izanen du. Oinarria euskal dantza da. "Antzezpena erronka bat izan da guretzat. Denbora daramagunok holako ikuskizun batean parte hartu genuen 2012an, baina jende berria sartu da eta beraientzako berria izan da". Antzerki klaseak jaso dituzte.

Momotxorroak

Ortzadar Euskal Folklore elkarteko kide bat Buztintxuriko erraldoi eta buruhandien konpartsan aritzen da, hortaz, ikuskizunean erraldoiak atera zitezkeela pentsatu zuten. "Gero pentsatu genuen ea nor gehiago atera zezakeen eta Altsasuz ari ginenez Momotxorroak agertu zaitezkeela pentsatu genuen". Inauterietako batzordearekin harremanetan jarri ziren eta ikuskizunean parte hartzeko prest agertu ziren. "Kontakizunaren parte izanen dira".

Alzheimer eta dementzia gaitzak barrutik azaldu nahi du Ortzadar Elkarteak Ahanzturaren lorratza ikuskizunean, eta gaitzak ez dira "pozgarriak"; hortaz, "tonu tristea eta emozionala eman diogu ikuskizunari. Baina gaitzaren bi ikuspuntuak adierazi nahi izan dugu. Pozgarriak diren unetxoak egonen dira". Hala ere, mukizapiak prest izateko gomendatzen dute: "gehien bat gertutik bizi izan duten pertsonek benetan sentituko dute".

Emanaldia euskaraz izanen da, baina aldibereko itzulpena proiektatuta egonen da. Ortzadar Euskal Folklore elkarte "osoak" parte hartu du ikuskizunean, gainera, elkarteko folklore eskolako haur dantzariek dantzatuko dute. Fanfarreko hamar musikarik jarriko dute musika, eta Altsasuko Momotxorroek eta Buztintxuriko erraldoiek parte hartuko dute.