Euskararik gabe ezin dira deialdietan puntu denak izan

Guaixe 2018ko mai. 25a, 12:16
Altsasuko udaletxea.

Udalaren bi lan-deialdietan hizkuntza jakin gabe 100 puntuak lor zitezkeen, euskararekin 105.

Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Eneriz Olaetxeak, arrazoia eman dio Administrazioan Euskaraz taldeari. Hark kontrako kexa bat aurkeztu zuen, obra zerbitzuan aritzeko bi lehiaketa-oposizio mugatuetan euskara jakiteari oso balorazio-maila txikia ematen ziolako Altsasuko Udalak.

Arartekoak kexa eta udalak bidalitako informazio-txostena aztertu du eta ondorioa atera du: bi deialdietan gehienezko puntuazioa 100ekoa zen. Euskararen ezagutza lehiaketa-fasearen barneko merezimendua zela eta gehienez 5 puntu lortu ahal zirela jasotzen da. Baina "deialditik ez da ondorioztatzen euskararen balorazioa oposizio-fasearen zati denik. Era berean, ezin da ondorioztatu faseetako batean ere ez dagoenik: edo lehiaketa-fasean dago edo oposizio-fasean dago". Horregatik, Enerizek Administrazioan Euskaraz taldearen "kexak oinarria" duela ebatzi du, "onartutako deialdiaren arabera, euskararen ezagutzaren merezimendua neutralizatuta edo gutxietsita gera liteke, puntu guztiak bestelako merezimenduak batuta lor baitaitezke". Hau da, euskararen ezagutza kontuan hartu gabe deialdi horietan 100 puntuak lor zitezkeela eta hizkuntza ezagutzarekin 105.

Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak honako gomendioa egin dio Altsasuko Udalari: "euskararen ezagutza nahitaezkoa ez den eta merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, lehiaketa-fasean ezarritako puntuazio osoa hizkuntza ofizial hori egiaztatu gabe lortu ahal izatea saihestea (hau da, lehiaketaren puntuazio osoan euskararen ezagutzagatiko puntuak sartzea), deialdiak irizpide horri egokituta".

Euskal Herrian Euskaraz-en kritika
Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldekoendako "beste behin, Altsasuko Udalaren euskararekiko ardura eza agerian gelditu da. Berri hau ez dugu sorpresaz hartu". Eta gogorarazi dute udalak garbiketa eta lanen taldeetako postu guztiei hizkuntza eskakizuna kendu ziela. "Beraz, euskarak hutsaren hurrengoa balio du Altsasuko Udaleko hainbat lanpostu lortzeko". EHEkoen iritziz, " Udalak bermatu behar du herritarrok euskarazko harremana eduki ahal izatea edozein langilerekin, dela udaletxeko harreran zein bulegoan, dela kalean. Era berean, langile euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatu behar ditu, horiek lan harremanak euskaraz edukitzeko eskubidea dute eta". Azkenik, EHEk udalari exijitu dio " herritarron hizkuntza eskubideak errespetatzeko konpromisoa har dezan, hori baita bere betebeharra".