LAB sindikatuak ohartarazi duenez, Triman Minerals SA enpresak ixteko "arriskua" du. Azaldu duenez, langileek hiruzpalau hilabete daramate soldata kobratu gabe. LABetik jakinarazi dutenez, "2016tik hona soldatak ez dira garaiz ordaindu eta zorra handitzen joan da langileekin eta hornitzaileekin".
Sindikatutik azaldu dutenez, enpresak lau lan zentro ditu, bina Asturiasen eta Nafarroan; guztira 59 langile. Haietatik 32 Iruñean eta Altsasun lan egiten dute. LABekoek azaldu dutenez, "Triman Minerals SA enpresa entramatu konplexu baten parte da: Moncayo Real Estate SLU taldea". Talde horrek Fiteron Trituraciones Moviles SAU du eta han hiruzpalau Nafarroanlangile ditu. "Beraz, Nafarroan, guztira, 35 langile izan daitezke kaltetuak".
Zuzendaritzak hilaren 9an kontratuak behin-behinean etengo zituen Enplegua Erregulazio Espedientearen (EEE) kontsulta epea hasi nahi zuen. Horretarako, lantoki guztiek hura babestea eskatu zuen, bestela ez zuelako aurkeztuko. Langileen ordezkari guztiek "ezezko borobila" eman zuten. LAB-ek salatu duenez, enpresak ez du dokumentazio osoa aurkeztu. Gainera, Nafarroako lantokiei dagokien EEE hemen bertan negoziatzea eskatu du. "Une honetan ez dakigu zein den enpresaren asmoa".
Sindikatuak jakinarazi duenez, "proiektu bat aurrera ateratzeko enpresak Sodenara finantziazio bila jo zuen duela hilabete batzuk. Sodenak babestu zuen baina proiektuak ez zuen aurrera egin". LAB-ekoek diote alternatibak badaudela eta Altsasuko lantokia bideragarria dela. Horregatik, langileek enpresari exijitu diote “egon daitezkeen alternatiba guztiak lagun” ditzala. Sodenari, berriz, “proiektu berri bat aurrera ateratzeko behar den guztia egin dezala”.