Balorazio Txosten baten bidez udalerriko ondasun higiezin bakoitzari balio bat ematen zaio. Horretarako, balioa ezartzeko metodo eta parametro teknikoak zehazten dira. Balorazio Txostena egin ondoren Nafarroako Gobernuko Ogasunak ondasun higiezin bakoitzaren balioa zein den kalkulatu du. Altsasuko Udalak hiru arrazoirengatik balorazio txosten berria egin beharra zuen: aurrekoa 2002koa zelako eta, beraz, bost urte baino gehiagoko dokumentua delako; bestetik, hirigintza planean erabilera eta aprobetxamendu batzuk aldatu direlako eta, azkenik, zenbait higiezinen katastroko balioa txikiagoa zelako.
Altsasuko Udalak udalerria zortzi eremutan banatu du Balorazio Txostena egiteko. Aurrekoarekin alderatuta “orokorrean, lurzoruaren balioa txikitu egiten da, baina eraikuntzarena handitzen da. Salbuespena dira aurreko txostenetik Hirigintza Planean egindako aldaketek hartzen dituztenak, gehiago balio dutela”, aurreratu zuen Javier Ollo Martinez alkateak.