Yoseikan budo erakustaldia Altsasun

Guaixe 2018ko mai. 31a, 16:10

Ostiralean, 17:00etan, ikasturte bukaerako yoseikan budo erakustaldia eginen dute Burunda pilotalekuan

Sakanako Txuixoo Yoseikan Budo taldeak ikasturtean barna ikasitakoa praktikan jarriko du ostiralean, ekainaren 1ean, 17:00etatik aurrera yoseikan budo erakustaldia egingo baitu Altsasuko Burunda pilotalekuan. Aritz Agirrebengoa San Roman da irakaslea, eta Etxarri Aranatzen eta Altsasun ematen ditu klaseak. 3-6, 6-9 eta 9-12 urte arteko klaseak ematen dituzte yoseikan budo eskolan, eta, horretaz gain, helduendako klaseak daude.

Yoseikan Budoa arte martziala da, baina ikuspegi zabal batetik landua. Gaur Altsasun egingo duten erakustaldian, adin txikienetik hasita helduenera arte, yoseikan budoa nola lantzen duten ikusteko aukera izango da.

Yoseikan budoaz
Yoseikan budoa Japoniatik datorren arte martziala da. Wikipedian jasotzen denez, 1960ko hamarkadaren bukaera-aldean garatutako borroka-artea da, 1975ean Hiroo Mochizuki japoniarrak ofizialki fundatua. Samurayen tradizioan txertatzen da Mochizukiren lana, haien ondorengo zuzena baita. Txuixoo elkarteak yoseikan budoaren onurak asko direla dio. Besteak beste, gorputz mugimenduaren kontrola, nortasun pertsonalaren garatzea eta, garrantzitsuena, alaitasuna. Bestalde, yoseikan budoaren zeharkakotasunak bere borrokalariei beste hainbat modalitatetan aritzeko trebetasuna ematen die, kick boxingean, Combat Jujitsuan eta beste hainbatetan.