Altsasu, tropel juniorraren bilgune

Guaixe 2018ko eka. 1a, 10:08

Igandean, 10:30ean, XXXIII. Udaberri Trofeoa jokatuko da

Burunda Txirrindularitza Klubak antolatuta, igandean XXXIII. Udaberri Trofeoa jokatuko dute junior mailako txirrindulariek Altsasun. Goizeko 10:30ean abiatuko da Foruen plazatik eta juniorrek 86 km-ko lasterketa izanen dute aurrez-aurre.

Txirrindulariek hasieran Ziordiraino joko dute, buelta hartu eta Olaztitik Altamira igotzeko. Altsasutik jaitsiz, Etxarri Aranatzeraino iritsiko da tropela. Bertan buelta hartu eta Ziordiraino joango dira berriz txirrindulariak, bigarrenez Olaztitik Altamira igotzeko. Behin jaitsita, Iturmendiraino iritsiko dira txirrindulariak, han buelta hartu eta atzera ere Ziordiraino heltzeko. Handik buelta hartuta, Olaztitik hirugarrenez igoko dute Altamira, portua jaitsita Altsasuko helmugaraino iristeko.

Aurreko urtean Turismo Villanua taldeko Raul Rotak irabazi zuen (2:10:47), helmugara bakarrik helduta, eta hirugarrena, 52 segundora, Intersport Irabiako Josu Etxeberria iturmendiarra izan zen. Aurten etxeko taldeak, Burundako Quesos Albeniz taldeak, eta bizilagunak, Aralarko Intersport Irabia taldeak, bertako trofeoa lortu nahiko dute.