Iskiza Sakana dantzan!

Guaixe 2018ko eka. 1a, 12:00

Gaur, ostiralean, 19:30ean, Iortia Kultur Gunean

Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldeak ikasturte bukaerarako jaialdi polita antolatu du gaur, ostiralean, 19:30ean, Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Iskiza Sakana dantzan! lelopean, urtean barna landutako koreografia ederrak eskainiko dituzte Sakanako gimnastek. Zehazki, aurtengo txapelketatan aurkeztutako ariketak ikusteaz gain, erakustaldirako propio prestatutako beste zenbait dantza ikusi ahal izango dira. Emanaldian eskolako gimnastek, txapelketako gimnastek eta irakasleek hartuko dute parte, taldeka zein banaka.

Egun Sakana Iskiza Gimnasia Erritmikako taldean 45 gimnasta inguru trebatzen dira, 20 eskola taldean eta 25 txapelketen taldean. Olaia Agirre, Cristina Nuncio, Maria Remolina, Ainhoia Imaz eta Olaia Granizo dira monitoreak.

Taldekako Nafarroako Txapelketan jubenilak hirugarrenak
Azken asteburuetan Taldekako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko lehen eta bigarren faseak jokatu dira. Aurten Iskiza Sakanako hiru talde aritu dira 3. mailan –kimuen, haurren eta jubenilen taldeak– eta 4. mailan talde bat, kadete mailakoa. Jubenil mailako taldeak podiumera heltzea lortu zuen, 2. fasean 3. postuan sailkatu eta gero. Honi esker, sailkapen orokorrean eta hirugarrenak izan ziren Iskiza Sakanako jubenilak. Gainontzeko taldeek ez zuten podiumera igotzea lortu baina oso kontentu daude aurten egindako lanarekin, ikasturtean bilakaera nabarmena egin baitute.