Udalak 434.035 euroko inbertsioak onartu ditu

Guaixe 2018ko eka. 1a, 10:41

Altsasuko udaletxean hainbat lan eginen dituzte.

Basoko pistak konpontzea, udaletxean igogailua jartzea, komunak egokitzea eta teilatua konpontzea, Iortia kultur guneko eta kiroldegiko argiteria berritzea, liburutegian bero berreskuratzailea jartzea eta haur eskolako eguzki plakak martxan jartzea

Hainbat arlotan 434.035,31 euroko inbertsioa eginen du Altsasuko Udalak. Horretarako sei aurrekontu aldaketa egitea erabaki zen. Haietako batek basoan 52.323,88 euroko inbertsioa egitea ekarriko du. Zehazki Gazteluberri, Altzania, Balankaleku, Marmolazpi, Arbotones eta Eguberako pistak ongi jarriko dira. Udalaren diru-zaintzako gerakinetik 28.059,88 euro aterako dira eta gainontzekoa Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin pagatuko da.

Udaletxean hiru lan eginen dira. Haietako bi arkitektura-oztopoak kentzeko izanen dira: igogailua jartzea eta komunak egokitzea. Lanok 183.708,3 euroko aurrekontua dute eta udalaren gerakinetik 78.619,7 euro aterako dira lanak ordaintzeko. Gainontzekoa Gobernuaren Toki Azpiegitura Planaren bidez pagatuko da. Udaletxeko teilatua ere konponduko da 50.956,59 eurorekin. Udalak lan horietarako 21.477,56 euro jarriko ditu eta aurrekontua foru administrazioaren diru-laguntzarekin beteko da.

Argiteria
Altsasuko Udalak erabaki du Iortia kultur guneko egungo argiteria kentzea eta haren ordez LED bidezkoa jartzea. Horrekin batera, liburutegian bero-berreskuratzaile bat jarriko da 57.500 eurorekin. Udalaren gerakineko poltsatik aterako da dirua. Energia eraginkortasuna hobetzeko beste neurri bat da Zelandi kiroldegiko argiteria LEDengatik ordezkatzea. Inbertsioa 70.446,54 eurokoa izanen da eta udalak pagatuko du. Bi lan horietarako diru-laguntzak bilatuko ditu udalak. Haur eskolako eguzki plakak moldatu eta martxan jartzeko udalak 19.100 euro jarriko ditu, diruzaintzako gerakinetik aterako dena.

Bestetik, Altsasuko Udalak erabaki zuen Nafarroako Gobernuari zera eskatzea: beharra duten udalendako udaltzain laguntzaile izangaien poltsa sor dezala. Hura sortu ondoren, premia duten udalek handik hutsik dituzten postuak betetzeko aukera lukete. Azkenik, Olatzagutiko Udalarekin akordioa  sinatzea onartu zen. Horren bidez behar bereziak dituen altsasuar bat Olatzagutiko Udan Euskaraz kanpainan ariko da. Mozioen atalean, Goazen Altsasuk Bardeako tiro poligonoaren kontrakoa aurkeztu zuen, bere Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zena. PSN abstenitu egin zen eta UPNk kontrako botoa eman zuen.