Triman Minerals SA enpresako langileek hiruzpalau hilabete daramate soldata kobratu gabe. Sodena enpresa publikoak Iruñean duen egoitzaren parean kontzentrazioa egin zuten astelehenean. Handik enpresari konponbidea eskatu zioten. Eta Nafarroako Gobernuari eta Sodenari "enpresa proiektua bermatu ahal izateko ahal duen guztia egin dezatela" eskatu zieten.
Bitartean langileen ordezkariak eta zuzendaritzak kontziliazio hitzordua zuten jarrita. Baina enpresako ordezkariak ez ziren agertu. LAB sindikatutik azaldu digutenez, "halakoetan normalena agertzea da. Baina ez dira agertu, ez dute langileekiko zorra onartzen". Enpresako zuzendaritzak zein bide hartuko duen ere ez dakite. Zuzendaritzak jakinarazi zuen maiatzaren 9an Enplegu Erregulazio Espedientea ezarriko zuela taldeko enpresa guztietan, baina lantegi guztien babesa aldarrikatu zuen eta ez zuen halakorik jaso. Langileek ez dakite espedientearekin aurrera eginen duen edo hartzekodunen konkurtsoa ezarriko den.
Jakin badakite enpresa Sodenarekin harremanetan izan dela eta finantziazioa hizpide izan dutela. Sodenak proiektua babestu zuen, baina ez zuen aurrera egin. Langileek horren inguruko informaziorik ez dutela nabarmendu dute. Horregatik, egin zuten protesta enpresa publikoaren atean astelehenean, "egon daitezkeen alternatiba guztiak lagun" ditzala eskatzeko. Bitartean langileek ez dute mobilizazio gehiago egitea baztertzen.
Triman taldeak 59 langile ditu Asturiasen eta Nafarroan banatuta. Foru komunitatean 35 bat dira, Altsasukoak barne.