Nafarroako Ikastolen Elkarteak JUUL hauteskunde literarioen emaitzak ezagutzera eman zituen Iortia kultur gunean egindako sari banaketa ekitaldian. Nafarroa Oinez ekimena antolatzen duen ikastolari dagokio sari banaketa antolatzea, hortaz, aurten Iñigo Aritza ikastolak zeukan ekitaldia Altsasun antolatzeko ardura. Sarituek aitorpen berezia jaso zuten: Faustino Azkorbe artista nafarrak sortutako saria.
Apirilean egin ziren ikastoletan JUUL hauteskundeak. Hauteskunde hauetan haurrek eta gazteek haien liburu, idazle eta ilustratzaile gogokoenak aukeratu behar zituzten, gainera, "hauteskunde prozesua zer den ikasten dute ere". 54 ikastolek parte hartu zuten hauteskunde kanpainan, eta 15.832 boto jaso ziren liburuen kategorian eta 7.338 ilustratzaileen kategorian.
Sarituak
JUUL hauteskunde literarioen sari banaketan haurren eta gazteen idazle eta ilustratzaile bozkatuenek aitorpena jaso zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteak Iñigo Aritza ikastolarekin elkarlanean antolatutako sari banaketa ekitaldian. Ikasleen erabakiz, honako idazle eta ilustratzaileek jaso zuten saria: Olga de Dios, Joana Ziganda, Paddy Rekalde, Ana Jaka, Estibaliz Vivanco, Lur Gallastegi, Castillo Suarez, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Iosu Mitxelena eta Joseba Larretxe 'Josevisky'. Jasone Osoro, Castillo Suarez eta Toti Martinez de Lezea izaten dira urtero idazle kuttunenak, baina izen berriak agertu dira ere: Joana Ziganda eta Estibaliz Vivanco, esaterako. Ikastolako ikasleek banatu zituzten sariak.
Ekitaldian izan ziren Eneida Carreño Iñigo Aritza ikastolako lehendakaria, Mikel Asiain NIEko lehendakaria, Javier Ollo Altsasuko alkatea eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilaria.