Barruko zarata kanporatzeko dantza ikuskizuna bihar

Guaixe 2018ko eka. 1a, 13:42
Argazkia: Nagore Diaz

Irantzu Gonzalez dantza eskolako ikasleek Zarata ikuskizuna eginen dute bihar Iortia kultur gunean.

"Gogoak nituen perkusioa eta dantza uztartzen zituen ikuskizun bat sortzeko", adierazi du Irantzu Gonzalez dantzariak. Dantzariaren dantza eskolako ikasleek eginen dute Zarata ikuskizuna bihar, 18:00etan eta 20:00etan, Iortian. Modern jazz, dantza garaikidea eta mix dantzako ikasleek parte hartuko dute. "Bereziki dantza garaikidea eta dantza afrikarrak sartu ditut".


Zarata ikasturte amaierako emanaldia da, baina ikuskizun itxura du. Bi talde egin behar izan zituen ikasturte amaierako emanaldiak egiteko, hortaz, haurrekin maiatzaren 20an Rey leon musikala egin zuen, eta helduenek Zarata ikuskizuna eginen dute bihar. "Gazte eta helduen taldeek parte hartuko dute".
Dantza aldetik afrikako dantza estilora jo du Gonzalezek. Perkusioa izanen du oinarri ikuskizunak, "gorputzarekin edo tresnekin egindakoa". Publikoari zirrara lortzea da helburua: "barruko zarata kanporatzea". Mayumana perkusio taldetik hartu du inspirazioa ere ikuskizuna sortzeko. Sorpresak egonen direla aurreratu du.