'Estereotipoak hausten' musika eskolako ikasleen emanaldia

Guaixe 2018ko eka. 4a, 10:20

Berdintasunaren aldeko kontzertua eskainiko dute astelehenean musika ikasleek, 19:00etan, Iortian.

Altsasuko musika eta dantza eskolan onartu berri den Genero berdintasunaren planaren harira Estereotipoak hausten berdintasunaren aldeko kontzertua eginen dute eskolako ikasleek. Astelehenean, garagarrilaren 4an, izanen da emanaldia, 19:00etan, Iortia kultur gunean. Sarrera doan da.

Kontzertuaren helburua da musikaren munduan ematen diren estereotipoekin amaitzea: “instrumentu batzuek gizonezkoendako direla eta beste batzuek emakumezkoendako direla pentsatzen da, eta horrekin hautsi nahi dugu”, azaldu du Jokin Borromeo musika eta dantza eskolako zuzendariak. Beraz, kontzertuan tradizionalki emakumezkoena kontsideratu den zeharkako txirula mutilek joko dute, eta, aldiz, tronboia edo tuba, gizonezkoen instrumentutzat hartuta daudenak neskek joko dute.

“Zorionez gure eskolan holako ikasleak ditugu”. Musika kontzertua izanen da, eta musikari gazteak bakarka edo talde txikitan ariko dira. “Denetarik” joko dute: musika herrikoia, klasikoa... Estereotipoak “hautsi” dituzten ikasleek ez ezik, “beste talde batzuk” joko dute ere emanaldian.

Berdintasun planaren barruan hainbat ekintza aurreikusi dituzte. Lehenengoa astelehenean emanen duten “estereotipoak hausteko” kontzertua da, baina emakume konpositoreen lanekin kontzertua eskaintzea aurreikusten dute. “Emakume konpositoreekin datu base bat egiten ari gara, eta horretaz baliatuz kontzertua egitea izan daiteke hurrengo ekintza”. Berdintasun plana duen lehenengo musika eta dantza eskola da altsasukoa.