Komedia eta komeriak

Guaixe 2018ko eka. 1a, 11:38

Txalo ugari jaso zituzten Tarima Beltzakoek Madres y pasotas antzezlanaren akaberan. Iortia kultur gunea ia bete zuen publikoak esker ona azaldu zien egindako lanagatik.

Dario Foren La madre pasota bakarrizketa bost aktorerendako antzezlan moduan egokitu zuen Asun Abadek. Ama bat (Merche Herrera) da obraren protagonista eta aitorlekuan apaizari (Juan Manuel Herrero) egindako aitortza da antzezlanaren haria. Urte asko darama aitortza egin gabe eta horrek bizitza eta bere komeriak errepasatzea eraginen du.

Eszena-tokiaren eskuineko aldean aitorleku argiztatuan aritu ziren bi protagonistak. Baina amaren garai bateko pasadizoak gogoratzean eurak ilunpean gelditzen ziren eta eszena-tokiaren ezker aldea argitzen zen eta han amak kontatutakoaren antzezpena egiten zuten Nahikari Gonzalezek, Marta Diegok eta Olibi Galparsorok. Hainbat denbora salto izan ziren eta hirukotea makina bat pertsonaiaren larruan sartu zen, horretarako maiz arropa eta karakterizazioa aldatuz. Obra dinamikoa suertatu zen. Dibertigarria. Errepikapenek umore egoerak azpimarratu zituzten. Aktore lan handia egin zuten Tarima Beltzako kideek Jon Barbarinen esanetara. Guztiagatik txaloak.

Taldearen historia laburbiltzen zen bideoa ikusteko aukera izan zen emanaldiaren aurretik eta, txalo zaparrada jaso ondoren taldeak ikusleak pastak dastatzera gonbidatu zituen. Hala eskertu nahi izan zieten ikusleei 10 urte gehi bat horietan emandako babesa. Pasa den urtean 10 urte bete zituztela, baina mustutzeko obrarik ez zutenez, larunbatean ospatu nahi izan zuten. Antzezlanean atrezzo moduan une barregarri batean erabilitako elementua jendeak photocall egiteko utzi zuten ere.