Kulturaren tenplua

Guaixe 2018ko eka. 1a, 12:07

Hamabostgarren urteurrena ospatzen du aurten Altsasuko Iortia kultur guneak. Kultur arloko diziplina guztiak hartzen ditu eraikinak, eta Nafarroako kultur eraikin erabiliena dela diote datuek. Kultura kontsumitzeko ohitura sortu du guneak.

2003ko apirilaren 4an mustu zuten Altsasuko Iortia kultur gunea, orain dela hamabost urte. Zinema, musika, dantza, antzerkia, arte erakusketak, hitzaldiak, literatura ekimenak eta abar hartzen ditu eraikinak. Kultur gunearen barruan, gainera, udal liburutegia dago. Guztira, 3.000 metro koadroko eraikina kulturari eskainita.

1980ko hamarkadan Bengoetxea zinema aretoa itxi zutenetik, Altsasuko herritarrek zinema aretoa eskatzen zuten. Gure Etxea eraikinak erakusketak hartzen zituen, baina txiki gelditzen zen. Herriak kultur gune bat behar zuen. "Garai horretan kiroldegian eta frontoian egiten ziren emanaldiak, eta baldintzak txarrak ziren", azaldu dute Juan Manuel Herrero Zapak eta Merche Herrerak, Tarima Beltza antzerki taldeko kideak.

Hamabost urte

2000. urtean eraikitzen hasi ziren Loperena Portillo eta Javier Flores arkitektoek diseinatutako eraikina eta 2003ko apirilaren 4an mustu zuten. Hortaz, hamabost urte pasa dira Iortia mustu zenetik, eta ordutik 490.000 erabiltzaile baino gehiago pasa dira antolatu diren 4.500 emanaldietan eta ekimenetan parte hartu dutenak. Urtero 300 bat ekimen antolatzen dira Iortia kultur gunean. Nafarroako Antzerki Sarearen buruan jartzen da Iortia, Nafarroako kultur instalazio bisitatuena bihurtuz. “Eskaintzak oso onarpen maila ona du”, adierazi du Betisa Anda Altsasuko Kultur teknikariak. Herriko elementu garrantzitsua bihurtu da Iortia: "gazteek ez dute kultur gunerik gabeko Altsasu", adierazi du Herrerok.

Kultura kontsumitzeko ohitura sortu du Iortia kultur guneak. "Aspaldi baziren antzerki talde ibiltariak eta plazan jartzen ziren, baina denborarekin antzerkira joateko ohitura galduz joan zen", azaldu du Juan Manuel Herrero Tarima Beltzako kideak. Hortaz, Iortia kultur gunea beharrezkoa zen.

Diziplina guztiak

Antzerkia, dantza, musika, arte plastikoen erakusketak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, baita zinema ere. Iortiaren aretoek kultur diziplina guztiak hartzen ditu. Areto nagusiak 300 bat pertsonendako eserlekuak ditu eta 168 metro koadroko agertokia. Areto txikiak 100 bat pertsonendako tokia eskaintzen du. "Eztabaida txiki bat sortu zen ea zenbat pertsonendako lekua egon beharko zen baita eszenatokiaren tamaina erabakitzeko ere", adierazi du Josu Rubiok Haize Berriak musika bandako kideak. Ehun pertsonendako nahikoa zela esaten zuten batzuk, baina hamabost urte ondoren datuek kontrakoa esaten dute.

Arte eszenikoko 760 zuzeneko ikuskizun izan dira hamabost urte hauetan Iortiako eszenatokietan eta 166.970 sarrera saldu dira. Ikusleen igoera progresiboa izan da: lehenengo urtean 5.600 sarrera inguru saldu ziren, eta 2013. urtetik aurrera 13.000 sarrera baino gehiago saltzen dira urtero. "Hasieran 20 pertsona joaten ziren ikuskizunetara, baina denborarekin ohitura sortzen joan da", azaldu du Herrerak.
Eskaintza ere progresiboki handitu da, hortaz, lehenengo urtean 33 ikuskizun antolatu zituzten eta gaur egun 66 ikuskizun antolatzen dira urtean; bataz beste 50 bat ikuskizun izaten dira.

Askotarikoak izan dira antzerki, musika eta dantza ikuskizunak. 760 ikuskizun baino gehiago ikusteko aukera egon da, eta haietatik 420 ikuskizun talde profesionalek eskainitakoak izan dira. “Esango nuke arrakasta gehien izan duena Iortiaren historian El cocidito madrileño izan zela, hiru pase egin genituen, baina gehiago egon dira”, azaldu du Betisa Andak. Emanaldien okupazioa, bataz beste, %70koa da.
Emakumezkoen artean kontsumoa altuagoa da: “Hainbat ikerketek diote emakumeek kultur ekoizpen gehiago kontsumitzen dutela, eta guk ikusten dugunaren arabera kontrastatu dezakegu”, dio Andak.

Kultur eragileak

Talde amateurren eszenatokia da Iortia. Hortaz, Sakanako eta Altsasuko musika, antzerki eta dantza taldeek aurkitu dute bere publikoa: Trasteando, Erkudengo Ama Abesbatza, Haize Berriak banda, Burundar txistulariak, Los del Rayo, Etxarri Aranazko abesbatza, Etorkizuna dantza taldea eta abarrek emanaldiak eskaini dituzte kultur guneko agertokian. “Azpimarratuko dudana da Iortiaren itzalean talde batzuk jaio direla: Tarima Beltza antzerki taldea, kasu”, azaldu du Andak.

Herriak behar zuen Iortia kultur gunea bezalako kultura eskaintzeko toki bat, Sakanako taldeek adierazi dutenaren arabera. Hortaz, talde batzuen jarduna posiblea izan da Iortiari esker. "Beste hainbat tokietan jotzen dugu guk ere, Aita Barandiaran zahar etxean eta Josefina Arregi klinikan, besteak beste, baina Iortia lorpen handia izan da. Promoziorako eta erakusketarako elementua izan da", azaldu du Kruz Mari Larreak, Trasteando taldeko kideak.

"Iortia eraiki aurretik elizan egin behar genituen emanaldiak, eta arazoak izaten genituen. Iortia ezinbestekoa izan da guretzako", esan du Josu Rubio Haize Berriak musika bandako kideak. Ikuskizunak sortzeko "askatasuna" ematen die Iortiak, Luis Orduña bandako zuzendariak azaldu duenez.

Zortea aipatzen dute hainbat taldek ere: “Ikuskizunak egiteko zorte ona izan dugu holako toki bat izatearekin. Instalazioak primerakoak dira”, aipatu du Erkudengo Ama Abesbatzak.

Tarima Beltzaren kasua berezia da, izan ere, Iortia kultur guneari esker sortu zen. “Iortia kultur gunean sortu zenean antzerki tailerra antolatu zuten, eta handik sortu zen Tarima Beltza”, adierazi du Tarima Beltza antzerki taldeko kideek. “Luxu” bat da Iortia bezalako eszenatoki bat izatea antzerkigileen ustez. “Kanpora ateratzen garenean konturatzen gara hemen dugunaz. Kanpotik etorritakoek ere esaten digute oso leku ona dugula”.

Etorkizuna dantza taldeari gauzak “erraztu” dizkio Iortia kultur guneak, gainera, dantzariendako “motibazio” bat da, adierazi du Iñaki Agirre dantza taldeko irakasleak. Dantzarima dantza konpainiako kideek ere haien "artea erakusteko" tokia aurkitu dute Iortian.

Kultur eskaintza

Altsasuko eta Sakanako talde amateurrek 220 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Iortian, eskaintzaren % 40a, eta bertara 55.238 lagun joan dira, ikuslegoaren % 34a. Antzerkia eta musika dira emanaldi gehien izan dituzte diziplinak, eta dantza emanaldiek presentzia gutxiago dute. Publiko aldetik ez dago alde handia: "eskaintza definitzeko hainbat baldintza hartzen dira kontuan, printzipioz diziplinen arteko oreka zaintzen dugu, ikuskizunaren kalitatea eta adin taldea kontuan hartu behar dugu ere", azaldu du Andak.
Euskarazko produkzioek kontsumo txikiagoa dute. “Publiko gutxiagori heltzen dira diziplina guztietan”. Nabarmenena “familiei zuzendutako” ekoizpenak dira, bai zineman baita arte eszenikoetan ere. Hala ere, Iortiako eskaintza egiteko orduan ahalegina “antzekoa” da, “kontua da ikuslego gutxiago dagoela”.

Artea

Iortia kultur guneak filmak proiektatzeko bi pantaila ditu. 80 filma eskaintzen dira urtean. Gaurkotasunezko pelikulak, familiartekoa eta autore zinemako filmak eskaintzen dira. “Zinema eskaintza bere horretan mantentzen da hasieratik. Aldatu dena eskaria da, irisgarritasuna lortzeko ikuslegoaren behar berrietara moldatu gara”. Hortaz, emanaldien ordutegiak aldatu zituzten: “gero eta europearragoak gara eta etxera lehenago iritsi nahi dugu”. Beraz, ordutegiak aurreratu zituzten eta eskaintza berria sortu 19:00etan.

Zinemara joateko ohitura sortu da ere. Igandeko saioak hartzen du jende gehien: ikusleen %
57a. % 22a ikuslearen egunean joaten da, ostegunean, eta %21a ostiralean joaten da “pixkanaka pisua galtzen ari da”.

Gaurkotasunezko pelikulak “ahal bezain pronto” ekartzen saiatzen dira eta autore pelikuletan sariei erreparatzen diete. Hamabost urtetan 760 pelikula eskaini dituzte, eta 176.458 sarrera saldu dira. 2017. urtea zinemaren urte “onena” izan da, 14.374 ikusleekin. Bataz beste, 250 bono zinema saltzen dira, “programazioan oinarritutako publiko leiala duela berresten duena”.

Hamabi erakusketa izan ohi dira bataz beste urtean kultur guneko erakusketa aretoan. 235 metro koadroko espazio diafanoa da, irekia, arte erakusketak egiteko aproposa. Hamabost urtetan 166 erakusketa izan dira eta 106.000 bisitari izan dituzte. 

832 hitzaldi edo aurkezpen antolatu dira, gainera, Iortia kultur gunean eta 41.500 parte-hartzaile bertaratu dira ekimen horietara. Bataz beste urtero 55 bat hitzaldi edo aurkezpen antolatzen dira.

Liburutegia

1934. urtean sortu zen Altsasuko liburutegia, eta, hainbat lekutan egon ondoren, Labaderotik Iortiara lekualdatu zen, duela hamabost urte azken aldia. Iortia kultur gunean eraikinaren barruan, liburutegirako espazio bat aurreikusi zuten. 680 metro koadro ditu liburutegiak eta espazio zabala eta argitsua da. Bi solairu ditu eta hamaika zerbitzu eta aukera eskaintzen ditu: irakurketa eta ikasketa gelak, dokumentuen mailegua, fotokopiagailuan, ordenagailuak interneteko sarrerarekin, eta irakurketa bultzatzeko jarduerak, besteak beste. Egunero 210 bat pertsona pasatzen dira liburutegitik, eta 2,65 mailegu egiten dira.

Liburutegiak antolatuta eta irakurketa bultzatzeko helburuarekin 30 ekimen antolatzen dira urtero, bataz beste: literatur irakurketa taldeak, ipuin kontalariak haurrentzako, idazle eta egileekin topaketak, baita apirilan liburuaren egunaren harira liburuaren astea ospatzen da, hainbat ekimenekin.

Iortia kultur guneko hamabost urte hauetan izandako erabiltzaile guztiak kontuan hartuta, hau da, Iortian egindako emanaldiak eta liburutegiko erabiltzaileak, kultur gunetik 1.300.000 pertsona baino gehiago pasa dira.

Kultura sortzaileak

Dantzarima konpainia
"Iortia kultur gunea gure artea erak usteko leku egokia da, hau da, gure dantzak plazaratzeko aukera eman digu. Baliabide teknikoak primerakoak dira eta gure ikuskizunetarako aproposak. Aukera polita izan da guretzako".


Erkudengo Ama Abesbatza
"Zorte ona izan dugu halako toki on bat izatearekin. Ikuskizunak egiteko espazioa asko gustatzen zaigu: agertokia, argiak, soinua... oso ongi dago. Existituko ez balitz beste leku batzuk bilatuko genituen, baina ez dira hain aproposak".

Etorkizuna dantza taldea
"Aurrerapen handia izan da. Kalean eta frontoian emanaldiak egiten ditugu ere, baina ez da berdina. Gauzak erraztu dizkigu: ez ditugu gauzak lekualdatu behar. Gainera, ikusleendako ere askoz erosoagoa da zutik edo frontoian egon beharrean".

Haize Berriak banda
"Iortia itsasportu bat bezala ikusten dugu. Helmuga bat da. Eta behin itsasportura iristen garela, beste kai batzuetara joan gaitezke. Lehen elizan egiten genituen kontzertuak, baina ez ginen apaizarekin ongi konpontzen".

Tarima Beltza antzerki taldea
"Iortia kultur gunea existituko ez balitz antzerki taldea ez zen existituko. Luxu bat da eta oso ongi egina dago. Eszenatokia, kamerinoak... Horrelako zerbait behar genuen. Kanpora ateratzen garenean konturatzen gara hemen dugunaz".


Trasteando musika taldea
"Herriarendako izugarrizko ekarpena izan da. Kultura sortzeko eta kontsumitzeko aukera eman du. Oso pozik gaude. Hainbat lekutan jotzen dugu, baina urtean bitan Iortian kontzertua egiten dugu. Promoziorako balio digu ere".