Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria Ana Ollo buru zuela, Nafarroako Berdintasun Kontseilua Altsasun elkartu zen herenegun. Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emailea da, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikita dago. Foru administrazioaren funtzionamenduan Nafarroako emakumeen elkarteek duten parte-hartzea bideratzen du kontseiluak, eta lankidetza hori zehazten da emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoen plangintza, gauzatze, jarraipen eta ebaluazioaren bitartez.
Bilera hasi berritan Ollok Altsasun berdintasunaren arloan urtetan egindako lana nabarmendu zuen. Kontseilua parte-hartzaileagoa egiteko hura moldatu eta 26 kidetik 32 izatera pasako da. Aldaketa horren aurreko azken bilera izan zen herenegun Altsasun egin zena. Bilkuran, besteak beste, Berdintasun Lege proiektua zertan den azaldu zen eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako ekintza planaren urteko lehen txostena aurkeztu zen. Nafarroako Berdintasun Kontseiluak Iruñean larunbatean egin zen manifestazioan banatutako esku-orrien edukia aho batez arbuiatu zuen, “emakumeenganako indarkeria satirizatu eta ezerezten delako; emakumeen kontrako eraso mota horien kontrako hizkuntza eta mezuak fribolizatzen eta hutsaltzen dute”.