Ospa! herri mugimenduak Guardia Civilak lau gazte atxilotzeko egindako “operazio ikaragarria, okupazioa, gogorki gaitzetsi ditu. “Gazteak bahitu egin ditu indar armatu honek, haien babesean atera diren herritarrak mehatxatuz eta jipoituz”. Ospa-ko kideek esan dutenez, “ez dugu inoiz onartu eta onartuko herriaren kontrako edozein ekintza errepresiborik. Aldi berean, erasoen aurrean herritarrek erakutsitako kemena eta duintasuna azpimarratu” du.
Altsasuko auziaren bidez, “nabarmenki, errepresioaren kontrako mugimenduen kriminalizazioa” bilatu dela uste dute Ospakoek, haien “mezu, borroka zein izate beraren zilegitasuna kolokan jarri nahi izan da. Prozesu osoan argi ikusi den bezala, Estatuaren helburua indar aparatuen presentzia eta funtzioa kritika ezineko zerbait bilakatzea da, bizikidetza faltsu bat indarrez ezarri nahian”.
Haien iritziz, “Euskal Herria zapaltzera etorri zirenekin edonolako bizikidetza ezinezkoa da. Indar errepresiboen funtzioa erreprimitzea den heinean, errepresioaren aurkako borroka beharrezkoa izanen da”. Salatu dutenez, “azken aldian ikusten ari garen bezala, Estatuaren oldarraldiak uzten ari diren askatasun maila geroz eta murritzagoen aurrean, gure buruak elkar babesteko beharra inoiz baino beharrezkoagoa da”.