Amiantoak hildako langile baten familiarendako kalte-ordaina

Guaixe 2018ko eka. 9a, 12:20
Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkartearen aurkezpena. Artxiboa.

Epaiaren arabera enpresak osasun arloko legedia urratu zuen eta, horrela, langileak arriskuan jarri zituen.

Gasteizko Lan-arloko 1. zenbakidun Epaitegiak Atusa Grupo Empresarial y Accesorios de Tuberia enpresa amiantoak eragindako langile baten heriotzagatik kalte-ordaina pagatzera zigortu du. Altsasukoa zen langilea eta haren familiak 121.926,88 euroko kalte ordaina jasoko du. Euskadiko Amiantoko Biktimen Elkateak, Asviamiek jakinarazi duenez, langilea pleurako mesotelioma gaitzak jota hil zen 2014ko azaroan. 1961 eta 1969 artean Esteban Orbegozon lan egin zuen eta 1970etik 2004ra arte, berriz, Accesorios de Tuberian. Fundizioan mantentze lanetan aritu zen.

Epaiketan bai Osalanek bai lekukoek adierazi zutenez, "lantegiko hainbat ekoizpen tresnetan amiantoa zegoen eta langileek haiek erabiltzen zituzten. Enpresak ez zuen amiantoaren eraginpean jartzearen inguruko ez informaziorik, ez trebakuntzarik eman eta legeak ezarritako mediku azterketa bereziak ez zituen egin. Beraz, langilea amianto zuntzen arrisku-pean egon zen. Arropa etxean garbitzera eramaten zuen". Epaian jasotzen denez, altsasuarra lanean egon zen garaian  amiantoaren toxikotasuna eta arriskuaren berri bazuten. "Modu jarraian eta batere babesik gabe haren eraginpean egon zen".  

Eskaera
Asviamie elkarteko kideak epaiarekin "pozik" daude. Eta gogorarazi dute guztiendako merkeago eta errentagarriagoa litzatekeela, bereziki biktimendako, Segurtasun eta Higiene araudia betetzea prebentzio-inbertsioak eginez, bereziki gaixotasun profesionalen eta minbiziaren prebentzioan.

Asviamietik jakinarazi dute Atusan amiantoagatik hildako bigarren heriotza aitortua dela altsasuarrarena. Horregatik,  elkartekoek eskatu dute prebentzio araudia bete ez zuten enpresek biktimei eta haien familiei sortutako oinazeagatik barkamena eskatzeko. Horrekin batera, Asviamieko kideek araua bete ez duten enpresei eskatu diete epaitegietan helegiteak jartzeari uzteko, "sufrimendu handiagoa besterik ez dute sortzen". Horren ordez, enpresa horiei gobernuarekin bat egin eta premiaz konpentsazio funtsa sortzeko lanari hel diezaiotela.  Funtsak nahikoa baliabide izatea exijitu dute.

Amiantoaren erabilera mende hasieran debekatu zen bere zuntzak arnasteak minbizia sor dezakeelako. Orain arte amiantoak kaltetutako langile sakandarrak Euskadiko elkartearen laguntza izan dute. Asmiavieren babespean duela bi urte Nafarroako elkartea sortzeko prozesua hasi zuten eta maiatza erdialdean sortu zen Adavan. Harekin harremanetan jarri nahi duenak adavan2018@gmail.com e-postara idatzi dezake edo 661 129 440 telefonora hots egin dezake.