Futbolean denboraldia bukatu da talde gehienendako. Ez, ordea, jubenilen mailan dabilen Altsasu taldearendako. Hiru hilabete inguru jokatu gabe daude altsasuarrak, ustezko iruzur bat tarteko. Egoera oso nahasia da baina guztia ongi azaltzen saiatu da Sociedad Deportiva Alsasuako futbol koordinatzaile Alfonso Castellano.
Abiapuntua
"Jubenilen ligako azken partidan, San Jorgek eta Zizurrek bina berdindu egin zuten. Zizur dagoeneko igoera fasea jokatzeko sailkatua zegoen, eta berdinketako puntuari esker San Jorgek sailkatzea lortu zuen. Aldiz, Altsasu igoera fasetik kanpo geratu zen. San Jorgeren azpian geunden sailkatuta eta, horrela, Kopa jokatzeari ekin genion" azaldu digu Castellanok.
Kopako partida bat jokatu zuen Altsasuk. Baina orduan sortu zen zurrumurrua, San Jorgek eta Zizurrek euren arteko partidan iruzurra egin ote zuten, partida berdintzeko ados jarri ote ziren. "Nafarroako Futbol Federazioan partidan iruzurra egon zela salatu zuen norbaitek, Federazioa ikertzen hasi zen, nonbait proba sendoak omen zeuden eta federazioak bi taldeei santzioa jartzea erabaki zuen: bi taldeei hiruna puntu kendu zizkien. Horrela, Zizurrek igoera fasean jarraituko zuen, hiru puntu gutxiagorekin ere nahikoa puntu zituelako, baina San Jorgeri hiru puntuak kenduta, Altsasu, sailkatzen zen igoera fasea jokatzeko. Baina San Jorgek eta Zizurrek erabakia errekurritu zuten Nafarroako Futbol Federazioko apelazio batzordera, eurak ez zutela iruzurrik egin argudiatuta. Orain gaia Nafarroako Kirol Justiziako Batzorde Gorenean dago, oraindik ez dute erabakirik hartu, eta tarte luze honetan gu eta San Jorge jokatu gabe gaude, Zizur, aldiz, jokatzen dago eta igoera fasean dauden gainontzeko taldeek ezin izan dituzte gure kontrako partidak jokatu” aipatu digu kirol koordinatzaileak.
Irtenbide oso zaila
Ondorioz, otsaila bukaera eta martxo hasieratik, jokatu gabe daude Altsasuko jubenilak. "Guztia paralizatuta dago ordutik eta, okerrena, ez dakigu zer gertatuko den. Futbol Federaziotik diote eurek eskuak lotuta dituztela, ezin dutela ezer egin Kirol Justiziako Batzorde Gorenak erabakirik hartu arte. Gure mutilek entrenatzen jarraitu dute; jokatzea, hori da eurek nahi dutena. Horrek egiten digu min gehiena, ez jokatzeak. Aste honetan despedituko da jubenilen igoera fasea, eta oraindik ez dakigu nola bukatuko den hau. Ezin dugu ere ezer egin, kexu formalik egin, gaia oraindik aztertzen ari direlako eta ez dagoelako erresoluzio definitiborik. Gaia oso korapilatuta dago eta korapiloa askatu behar dute lehenbailehen" gaineratu du Castellanok. Altsasuarrak hurrengo astean gaiaren inguruko berriren bat izatea espero du, baina konponbidea "oso zaila dela" aitortzen du.
Egoera, geroz eta konplikatuagoa
"Igoera faseak 12 jardunaldi zituen eta asteburu honetan despeditzen da. Guk jokatu behar dugula erabakitzen badute, noiz jokatuko ditugu partida horiek? Ez dago apenas tarterik. Bitartean esperoan gaude, jokatu gabe. Egoera larria da, denbora tarte asko utzi dutelako inolako erabakirik hartu gabe eta geroz eta zailagoa dute behin betiko erabakia hartzea. Okerrena, zalantzarik gabe, tarte luze honetan ez jokatzea izan da, guk kasuan inolako ardurarik ez dugunean. Hartuko duten erabakiak Altsasurengan izango duen eragina ikusteko dago.