Bikerrek Altsasu hartuko dute

Guaixe 2018ko eka. 8a, 12:33

Igandean, 9:00etan ekingo diote txirrindulariek XXIII. Altsasuko BTT Zeharkaldia proba ez lehiakorrari. Bi aukera dituzte: ibilbide luzea (52 km) eta laburra (39 km)

Barranka Txirrindularitza taldea buru belarri ari da igandean antolatutako 2018ko XXIII. Altsasuko BTT Zeharkaldia beste behin arrakastatsua izateko. Horretarako makina bat babesleren laguntza izan du. Altsasuko proba ez lehiakorra da, eta bikerren egutegian proba preziatuenetakoa. Izan ere, Sakanako paraje bikainak mendi lasterketarako aukera paregabeak eskaintzen ditu eta horrek ia urtero ibilaldian aldaketaren bat sartzea ahalbideratzen dio Barranka txirrindularitza taldeari. 


Bi ibilbide
Antolakuntzak bi ibilbide prestatu ditu: luzea (52 km) eta, bigarrenez, laburrago bat (39 km).
Goizeko 9:00etan abiatuko dira biker guztiak batera. Olaztira joko dute eta Auntzetxeko bidegurutzeraino helduko dira, eta handik Urdalur urtegira. Urdalurretik gora egingo dute ondoren, ezkerraldetik, Beunderaino. Handik, atzera ere urtegiraino jaitsiko dira, eta Irumuga bidegurutzeraino heltzea izango da hurrengo erronka. Bertatik urtegiko norabidera egingo dute txirrindulariek, eta autobidearen azpitik Sorozarretara helduko dira. Bertan, “toboganen bidea” deitzen zaion bidea hartuko da, Leku-Ona jatetxera iritsi eta Amillanoko tuneletik gurutzatuko da autobidea. Ondoren, Santa Lucia Sakanetik San Pedroraino iritsiko dira bikerrak, eta Urdiaingo baserrietatik barna Altsasura helduko dira, Foru plazako helmugaraino.

Ibilbide laburrari dagokionez, ibilbide luzearen oso antzekoa da baina ibilbide luzeari hainbat laburbide egin dizkiote, distantzia gutxitzeko. Esaterako, Auntzetxeko bidegurutzera iritsi beharrean Zapardira helduko dira eta bertatik jaitsi, Beunde ondoren Irumugako bidegurutzera jo beharrean Urdalurrera jaitsiko dira lehenago, eta azken zatian, Amillanoko tuneletik Altsasura joko dute, institutuetako bidetik Basomuturrera, hortik Otaiko Kristo Deunara eta bertatik Foru plazako helmugara. 

Ibilbidea balio ekologiko handiko parajeetatik pasatzen da eta antolatzaileek guztia behar bezala zaintzeko eta zaborrak ez botatzeko deia egin diete bikerrei.

Opariak
Proba osatzeagatik honako opariak jasoko dituzte txirrindulariek: kamiseta, Katealde patea, Arbizu txistorra eta Lacturale esnea. Jakina, indarrak berreskuratzeko auzatea izango da bukaeran eta ibilbidean barna hornidura guneak egongo dira. Guztia antolatzeko 16 pertsonako lan taldea aritzen da lanean, aurretik, eta probaren egunean 70 boluntario inguru, udal langileak eta DYAko boluntarioak kontuan izan gabe. Eguraldi nahasia iragarri dute, baina parte-hartze ona espero da, 500 partaide inguru. Atzo goizean 423 txirrindulari zeuden izena emanda. Nolanahi ere, parte-hartze errekorra 2006. urtekoa da. Urte hartan 1.302 bikerrek osatu zuten Altsasuko BTT Zeharkaldia. Aurreko urtean 546 txirrindulari aritu ziren. 

Izena ematea zabalik
Aurretiko izena ematea gaur ixten da, ostiralean, 12:00etan, www.barrankatt.com web orrian. Baina igandean, probaren egunean bertan, proban apuntatzeko aukera egongo da 7:30etik aurrera (Federatuek 18 euro, federatu gabekoek 22 euro, Barrankako bazkide federatuek 8 euro eta Barrankako bazkide ez federatuek 12 euro).