Abesbatzaren doinuekin dantzan, 25. urteurrenean

Guaixe 2018ko eka. 8a, 11:36

Etorkizuna dantza taldeak Abesdantza emanaldia eginen du bihar Iortia kultur gunean, 19:30ean

Etorkizuna dantza eskolak 25 urte bete ditu aurten. Mendi laurdena ospatzeko Abesdantza ikuskizun berria eginen du bihar Iortia kultur gunean, 19:30ean, Etxarri Aranazko Abesbatzaren laguntzarekin. Etorkizuna taldeko dantzariek Abesbatzaren ahotsen erritmora dantzatuko dute.

Dantza eskolak eta Etxarri Aranazko abesbatzak elkarlanean prestatutako ikuskizuna da Abesdantza. Kantua eta dantza uztartzen du emanaldiak, izan ere, abesbatzaren ahotsaren doinuekin dantzatuko dute Etorkizuneko ikasleek.

Guraso talde batek 1993. urtean Altsasun dantza eskola bat sustatu zuten. 25 urte pasa dira eskola sortu zenetik eta gaur egun ehun bat ikasle ditu Etorkizuna dantza eskolak bederatzi taldetan banatuta. Altsasuko musika eta dantza eskolaren barruan dago, baina ekimen propio jarraitzen du. Arbizuko, Etxarri Aranazko, Iturmendiko, Urdiaingo, Altsasuko eta Ziordiko ikasleak daude. Euskal dantza oinarri hartuta beste kantekin koreografiak sortzen dituzte, eta Abesdantza horren erakusle da.

Gaur egungo eta tradiziozko kantuez osaturiko errepertorioa eskainiko dute. Emanaldia Agurrarekin hasiko dute, ondoren Gure dantza, Hau da eguna vals, Ama begira zazu arin arina eta Errotazaia, Hiru xito, Aunitz urtez eta Kitolis abestiak eginen dituzte. Hainbat abesti Euskal musikaren gorespena, Axuri Beltza eta Hi Zelta! grabatutako audioaren gainean abestuko dute, eta Herria eta hizkuntza abestirako piano jolearen laguntza izanen dute. Dantzari taldeak bakarrik ariko dira emanaldian.