507 biker Altsasu BTT Zeharkaldian

Guaixe 2018ko eka. 11a, 16:21

23. Altsasu BTT Zeharkaldiko ibilbide luzean 345 txirrindulari aritu ziren eta 162 ibilbide laburrean

Euria iragartzen zuten baina eguzkiak presente egon nahi izan zuen Barranka Txirrindulari Taldeak hainbat babeslerekin antolatutako 23. Altsasu BTT Zeharkaldian eta mendi bizikletan ibiltzeko eguraldi pribilegiatua egin zuen igandean. Horrela, goizeko 9:00etan 507 biker abiatu ziren Altsasuko Foru plazatik, mendi txirrindularien egutegian gorriz markatutako Altsasuko zeharkaldian parte hartzeko. Izan ere, gure paisaje zoragarriek primerako ibilbideak egiteko aukera ematen du eta beste behin arrakastatsua izan zen Altsasuko proba ez lehiakorra.

Mendi txirrindulariek bi aukera zituzten: proba luzea (52 km) eta proba laburra (39 km). Gehienek, 345 txirrindularik, proba luzea hautatu zuten. Guztiak batera atera ziren Olaztirantz. Auntzetxeko bidegurutzeraino heldu eta gero, Urdalur urtegira joan ziren. Urdalurretik gora, ezkerraldetik, Beunderaino iritsi ziren eta atzera ere urtegiraino jaitsi ziren, handik Irumuga bidegurutzeraino heltzeko. Bertatik urtegirantz egin zuten, eta autobidearen azpitik Sorozarretara heldu ziren, “toboganen bidea” hartu, Leku-Ona jatetxera iritsi eta Amillanoko tuneletik autobia gurutzatu eta Santa Lucia Sakanetik San Pedroraino iristeko. Azkenik, Urdiaingo baserrietatik barna Altsasuko Foru plazako helmugaraino heldu ziren guztiak. Aipatzekoa da ibilbide laburrekoen bidea oso antzekoa zela baina ibilbide luzeari hainbat laburbide egin zizkiotela, distantzia gutxitzeko. Esaterako, Auntzetxeko bidegurutzeraino igo beharrean Zapardira joan zirela eta Beunde ondoren Irumugako bidegurutzera jo beharrean Urdalurrera jaitsi zirela lehenago, besteak beste. Bukaeran ere, Amillanoko tuneletik Altsasura jo zuten. Primerako eguraldiarekin, ibilbidea zoragarri zegoen, bezperako ekaitzak utzitako ur baltsak izan ezik. Hala ere, horrek ez zuen inolako arazorik sortu, biker gehienek lohia gustuko baitute. Ibilbidea ez lehiakorra denez, ez da sailkapenik egiten. Bukaeran opari ederra jaso zuten bikerrek: kamiseta, Katealde patea, Arbizu txistorra eta Lacturale esnea.

Ibilbidea behar bezala osatzeko 6 hornidura gune zituen prest antolakuntzak eta guztia antolatzeko 70 pertsona inguru aritu ziren lanean. Barranka Txirrindularitza Taldeko presidente Felipe Troyano kontentu zegoen dena behar bezala atera zelako eta ez zelako inolako arazorik egon. Azkenaldi honetan 500-600 parte-hartzaile inguru aritzen dira Altsasuko BTT Zeharkaldian, eta kopuru horietan “eroso” ibiltzen direla diote antolakuntzakoek. 2006an 1.302 izan ziren, errekorra.