Hondartzako haizearen eraginean margotzen

Guaixe 2018ko eka. 15a, 11:10
Itziar Nazabal Calafelleko performance-a egiten. UTZITAKOA

Itziar Nazabal artistak mustu zuen 'Nit de l'Art a Calafell' ekimena Tarragonako herrian. Esperientzia "ikaragarria" izan dela dio Nazabalek, hortaz, parte hartu ez ezik antolakuntzaren kolaboratzailea ere izan da artista altsasuarra

Arte galeria bat aire zabalean da Nit de l’Art a Calafell Itziar Nazabal artistaren hitzetan. Calafelleko itsas-pasealekuan (Tarragona) ospatu zen larunbatean, garagarrilaren 9an, 18:00etatik 00:30era. “Zoragarria izan da horrelako zerbait antolatzea. Kontzeptu eta ideia oso politak da”. Nazabalek artelanak erakutsi ez ezik, antolakuntzan kolaboratzaile lanak egin ditu. Gainera, ekimena ere mustu zuen: “Gloria Grauk, ekimeneko zuzendari artistikoak, antolatzen hasi zenean berehala esan zidan nire performance bat egitea nahi nuen. Baietz esan nuen”.

100 bat inguru artista parte hartu zuten aire zabaleko Calafelleko galerian. Artelanen artean margolanak nagusitu ziren, baina argazkilarien lanak eta eskulturak ere baziren. Nazabalek “sei-zazpi tamaina ertaineko eta beste sei edo zazpi txiki” artelan erakutsi zituen. “Performancea egiteko horma prestatzen egon nintzenez beste batzuek zintzilikatu zituzten nire lanak. Horrelako zerbait antolatzea lan handia da”.

Nazabalen performancea ostiralean egitekoa zen, udalaren areto batean, baina antolatzaileek artistaren performancearen nondik norakoak jakin zutenean kalean egitea erabaki zuten: “bi gauzen artean konexio gehiago izateko. Espektakularragoa izateko eta mustutze ekitaldia izan zedin”. Primeran egon zela dio Nazabalek.

Sortze prozesua
“Nire performanceak berez ez dira performanceak. Jendearen aurrean egiten dudan sortze prozesuak dira. Musikaren laguntzarekin nire barnera sartzen naiz eta esplosioaren bidez ateratzen dut”. Prozesuan murgiltzen denean Nazabal ez da inguruan dagoenaz konturatu ere egiten. “Momentuan sentitzen dudana da”. Performance bihurtutako sortze prozesu hauek kandelen argitasunaren intimitatean egitea gustatzen zaio Nazabali, Calafellen, aldiz, arratsaldeko argitasunarekin egin zuen. “Iluntasunean, kandelen argiarekin, esentzia berezi bat sortzen da. Baina antolatzaileek esan zidatenaren arabera ikaragarria gelditu zen egunez ere”. Hala ere, datorren urterako ekimenaren bukaeran egiteko proposatu zuten, “kandelen argia erabili ahal izateko”.

Kandelen argia ez zuen izan, baina elementu berezi batekin aritu zen Nazabal Calafellen: hondartza. “Xarma berezia dauka”. Performanceak prestatzeko garrantzitsuena hasierako musika dela azaldu du Nazabalek “inpultsoa ematen didana da, esplosioa sortzeko energia sortzen didana”. Calafelleko performancea prestatzen denbora asko eman zuen: “lehenengo kanta hori aukeratzea asko kostatu zitzaidan. Lo gutxi egin nuen aurreko gauean”. Hala ere, “musika oso inportantea da, hor dago eta entzuten dut, baina kasu honetan dudarik gabe hondartzaren haize hori ere izan zen garrantzitsua. Hori arnastea ikaragarria da”. Azkenean, “erritual pixka bat ezberdina” egin zuen Nazabalek. Ildo berdina mantendu zuen, baina aurrekoetan ez bezala, “guztiz dutxatuta egongo banintz bezala” gorputza margoz busti zuen.

Ezer ez dagoen leku batean prozesu baten ondoren loreak agertzea; hori da publikoak miresten duena: “jendeak amaierako lana ikusten du, baina prozesuarekin disfrutatzen du”. 30 edo 35 minutuko performanceak izan ohi dira, hortaz, sortutako artelanak egiteko ezin da asko konplikatu. “Prozesua birmoldatzen dut”. Hortaz, loreak izan ohi dira elementu errazenak performanceak egiteko. “Ezin da margoa lehortu, beraz, horrekin jokatu behar duzu”. Calafellen egindako “esplosioa oso alaitsu” izan zela azaldu du Nazabalek: laranjak, arrosak eta moreak nahastu zituen. “Turkesak ere sartu nituen itsasoaren ondoan nengoenez uraren ukitu hori emateko”.