Gobernuaren babestutako alokairu poltsan Altsasuko etxebizitza bakar bat besterik ez dago

Guaixe 2018ko eka. 16a, 10:32

Olatzagutiko ikuspegia.

Sakanan ohikoagoa da etxebizitzetan salgai kartelak ikustea, alokatzeko daudela diotenak baino. Horren isla Nafarroako Gobernuaren babestutako alokairu-poltsan dago. Herrialde guztiko 600 etxebizitzako eskaintza jasotzen da poltsan eta horietako bakar bat dago Sakanan, Altsasun hain zuzen ere.

Nasuvinsa enpresa publikoak kudeatzen duen poltsa horretan etxebizitza hutsik duten eta alokatu nahi duten jabeek eman dezakete izena. Etxebizitza alokatzen denean, Nasuvinsak jabeari errenta puntualki eta seguru kobratzea ziurtatzen dio. Gainera, gobernuak ziurtatzen du etxea egoera onean bueltatuko dela. Gainera, arrisku anitzeko asegurua kontratatzen du.

Onurak
Foru administrazioak etxebizitzen alokairua sustatzeko neurri berriak hartu ditu aurten. Alde batetik, gobernuak hiru hileko errenta ordainduko die haien etxebizitzak alokairu poltsarako uzten duten jabeei. 900 eta 1.600 euro arteko diru-laguntzak izanen dira, etxebizitzaren tamainaren eta kokapenaren arabera. Laguntza alokatze-kontratua hastean ordainduko da. Sakanako etxebizitzei dagokienez, metro karratu erabilgarri bakoitzeko 4 euro ordainduko ditu Nasuvinsak, 30 euro garajeagatik eta trastelekuaren metro erabilgarri bakoitzagatik euro bat.