Altsasuarrek finkoa ez den karpa erostearen alde egin dute

Guaixe 2018ko eka. 15a, 09:44
Karpa bat Baratzeko bide plazan jarria.

Altsasuko Udalak sustatutako parte-hartze prozesuan puntuen %45 aukera horren alde izan dira.

Altsasuarrek udaleko aurrekontuaren 20.000 euro zertara bideratu nahi duten erabaki dute: finkoa ez den karpa bat erosi nahi dute. Bozketan jasotako 3.040 puntuetatik 1.368  (% 45) aukera horren aldekoa izan da. Beraz, ekitaldi bereziak direnean eta eguraldiak laguntzen ez duenean karpan egiteko aukera izanen da. Baina 115 puntuko aldea besterik ez dio atera altsasuarren bigarren gogoko aukerari: haur parke bat estaltzea (1.253 puntu, % 41,212), eguraldia edozein izanda ere haurrak eta haiekin dauden helduak eroso egoteko aukera izateko.

Atzerago gelditu dira Dantzalekuko tenis pista hobetzeko proposamena (326 puntu, % 10,72). Zehazki marrak margotzea eta pista ixtea eskatzen zen. Bozketan atzeen gelditu den proposamena kaleetan animalien kakak jaso eta uzteko edukiontziak jartzea izan da, horretarako poltsak ere izanen lituzkete (86 puntu, % 2,82).

Botoak eta puntuak
Estreinako aldia izan da Altsasuko Udalak parte-hartze aurrekontuak egin dituena. 952 herritarrek eman dute botoa. Haietako % 77,31 (736) udalaren web orriaren bidez eman dira eta gainontzeko % 22,68 (216) udaletxean eta Iortian zeuden hautetsontzien bidez. Baliogabeak 6 izan ziren eta txuriak 1. Web bidez bozkatu dutenek proposamen bakar baten alde botoa emateko aukera zuten, hautetsontzietan egin dutenek, berriz, lau aukeretatik hiruren alde egiteko aukera izan dute.

Azken bozketarako udalaren Parte-hartze Batzordeak lau aukeratu bazituen ere, proposamenak egiterako garaian altsasuarrek 18 aurkeztu zituzten. Udal ordezkariek esan zutenez, guztiak ere interesgarriak. Javier Ollo Martinez alkateak ebakiak eginen duen administrazio bidea azaldu digu: “hurrengo pausua aurtengo aurrekontuaren aldaketa bat egitea da. Aldaketa horrekin 20.000 euroko partida sortuko da karpa erosteko. Haren neurriak oraindik ez dira zehaztu baina dugun aurrekontura egokitu beharko da”.